Egitarau oparoa antolatu dute Errebaleko San Martin jaietarako

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 3a

Ostiralerako eta zapaturako egitarau oparoa antolatu dute. Mus Txapelketa izango da ostiralean, eta izena egunean bertan eman beharko da. Larunbatean Txokoan egingo duten afarirako izena datorren ostegunera bitartean eman ahalko da Pikua tabernan.

Iazko sokamuturreko irudia. (Nerea Uranga) Aurtengo San Martinak gerturatzen ari dira, eta Errebaleko bizilagunek egitarau oparoa prestatu dute azaroaren 11rako eta 12rako. Azken urteetako legez, festa giroan murgiltzen hasteko, IV. Mus Txapelketa jokatuko dute Pikua eta Urtzi tabernetan. 22:00etan hasiko da txapelketa, eta aurretik eman ahal izango da izena bikoteko 20 euro ordainduta. Txapelketaren irabazleek bildutako diruaren %50 eta txapela jasoko dituzte; bigarren bikoteak, bildutako diruaren %25; hirugarrenak %15 eta laugarrenak %10. Larunbaterako, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etan goiz eresia egingo dute txistulariek. 12:00etan, berriz, ume jolasak izango dira Bustinzuriko Errebalean. Ondoren, zezen txikiek eta poniek izango dute tartea. Eguerdi partea pasatuta, 15:30ean, txokolatada egingo dute, eta 16:30ean hasiko da sokamuturra. Hura bukatzean, triki-pintxo-poteoa egingo dute, eta 21:00etan afaria egingo dute Txokoa jatetxean. 23:00etan, berriz, Trini Foxen kontzertua izango da. Afarirako izena datorren ostegunera, hilak 10, bitartean eman ahal izango da Pikua tabernan. Larunbatetik aurrera, dendariek txartelak banatuko dizkiete Errebaleko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroei, eta festetan bi otarre zozkatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide