Euskara ikasten ari diren azpeitiarrek ikasturte hasierako festa egin zuten atzo Sanagustin kulturgunean

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 28a

Ehundik gora herritar ari dira euskara ikasten Udal Euskaltegian nahiz mintzapraktika taldeetan. Ikasleak, irakasleak eta udal ordezkariak elkartu ziren atzo "egiten den lana baloratzeko".

Atzo, osteguna, euskara ikasten ari diren azpeitiarrak Sanagustin kulturgunean elkartu ziren ikasturte hasierako festa egiteko. Ehundik gora herritarrek eman dute izena 2016-2017 ikasturtean Udal Euskaltegian zein mintzapraktika taldeetan, euskara ikasteko edo maila hobetzeko helburuarekin, eta, atzo, horietako hainbat, euskara irakasleak eta udal ordezkariak elkartu ziren sanagustinen. "Euskara ikastera animatu zareten guztion ahalegina, eta euskalduntze eta alfabetatzearen inguruan egiten den lana balorean jartzeko" ekitaldia izan zela esan zuen Josu Labaka Udaleko Euskara batzordeburuak. Aintzane Agirre euskaltegiko zuzendari azpeitiarrak, berriz, "kanpotik gure herrira etorri zaizkigunek gure hizkuntza ikasteko orduan azaldu duten jarrera goraipatu" nahi izan zuen, eta herritarren lana ere izan zuen gogoan:  "Herritar berri hauen konpromisoa ezinbestekoa da gure gizarteak euskaraz bizitzen jarraitzeko. Guk euskaldunok, euskaraz jarduten dugun neurrian bultzatuko ditugu besteak ere euskaraz egitera." Era berean, oraindik euskaltegiko hamar taldetan izena emateko aukera dagoela gogoratu zuen. Euskara ikasten ari diren herritarren izenean Carmen Calzasek hartu zuen hitza, eta bere esperientziaren berri eman zuen. Hain zuzen ere, mintzapraktika taldeetan dabil Calzas. "Oso aberasgarria da, adibidez, zeurea ez den hizkuntza batean liburu bat irakurri ahal izatea. Hizkuntzek aberastu egiten gaituzte. Eta uste dut betebeharra daukagula, betebehar morala esango nuke, hartzen gaituen herrialdeko hizkuntza ikasteko, beraiek ematen ari zaizkiguna esker onez itzuli ahal izateko", azaldu zuen. Ikasle guztien izenean eskerrak eman nahi izan zizkion Udal Euskaltegiko irakasleei eta, "bereziki", mintzapraktika taldeetan boluntario aritzen diren irakasleei. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere esker hitzak adierazi zizkien guztiei: "plazer bat da guretzat, euskara ikastea Azpeitia eta gure kultura ezagutzeko bidea ere badelako. Ez zarete damutuko euskararen mundua zoragarria delako". Udal Euskaltegiko eta mintzapraktiketan irakasle lanak egiten dituztenen lana ere eskertu eta goraipatu zuen alkateak. Ekitaldia amaitzeko taldeko argazkia atera zuten guztiek eta mokadutxoa egin zuten. [flickr_set id="72157675716455956"]  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide