Altuna y Uria enpresa Zubietako errausteko planta egiteko lehian

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 28a

Zubietako hondakinak errausteko plantaren lehen fasearen eraikuntza eta kudeaketa lizitaziora aurkeztu da beste bost enpresarekin denboraldi baterako taldea osatuta. Hiru enpresa talde ariko dira lanak egiteko lehian.

Azpeitiko Altuna y Uria S.A. enpresa Zubietako hondakinak errausteko plantaren lehen fasearen eraikuntza eta kudeaketa lizitaziora aurkeztu da Meridiam Investmentsekin, Urbaser S.A.rekin, Construcciones Moyua S.L.-rekin, Construcciones Murias S.A.rekin eta LKS Ingenieria S.COOP-ekin enpresekin denboraldi baterako taldea osatuta.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak gaur jakinarazi du zer hiru enpresa talde lehiatuko diren erraustegiaren lehen faseko lanak egiteko. Honako hauek dira enpresa talde horiek:
  • Construcciones y Promociones Balzola S.A. Valoriza Servicios Medioambientales S.A. eta Valoriza Gestion SA
  • Meridiam Investments SAS, Urbaser S.A., Altuna y Uria S.A., Construcciones Moyua S.L., Construcciones Murias S.A. eta LKS Ingenieria S.COOP
  • Fomento Construcciones y Contratas eta Sartech Engineering.
Asensiok esan duenez, "eskaintzak aurkeztu dituzten enpresen garrantzia eta esperientziari esker, teknologiarik onenak erabiliko dira. Proiektuak ingurumen bermerik handienak eta Europako herrialde garatuenek dituzten irtenbideak izango ditu". Gainera, positibotzat jo du tokiko enpresek lizitaziora aurkeztu diren taldeetan parte hartzea: "Tokiko enpresen presentzia garrantzitsua da, izan ere, inbertsioa Gipuzkoara itzultzea posible egiten baitu, aberastasuna eta lanpostuak sortuz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide