Azaroaren 6rako, igandea, antolatu dute Mendiko XXI. eta Udazkeneko XXVII. Argazki rallya Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean.
Parte hartu nahi duenak izena igande bertan eman beharko du Argazki Elkartearen egoitzan, Perez Arregi plaza 1 zenbakian, 9:00etatik 9:30era bitartean. Izen ematea 10 euro izango da nagusientzat, aldiz, 16 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharrik izango. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzeko beharrezkoa da memoria txartela hutsik izatea rallya hasi aurretik.
Rallya Loiolan eta bere inguruetan egingo dute, eta gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte. 13:30ean amaituko da Loiolatxo Elkartean, eta, behin txartelak hustutakoan, azaroaren 13a arte bidali ahalko dituzte argazkiak parte hartzaileek. Partaide bakoitzak 36 argazki aurkezteko aukera izango du, eta
argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko ditu partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuta.
Goiza amaitzeko bazkaria egingo dute hala nahi dutenek Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan. Joan nahi duenak izen-emate garaian esan beharko du.
Rallyko hiru lehen sailkatuek diru saria eta garaikurra jasoko dituzte, eta baita herriko lehen sailkatuak eta argazki onena ateratzen duen argazkilariak ere. 16 urtetik beherako hiru lehen sailkatuek ere izango dituzte sariak.
Sari banaketa azaroaren 26an, igandea, egingo dute 18:30ean Lagun-Onak M.B.ren elkartean.