(Julene Frantzesena)
Agustin Zubikarai beka jaso zuen iazko urriaren bukaeran, eta ordutik
33 ezkil liburua idazten aritu da buru-belarri Miren Gorrotxategi (Azpeitia, 1981). Atzo aurkeztu zuen eleberria Donostian.
Zeren ingurukoa da eleberria?
Asko kontatzerik ere ez dago, informazioa oso dosifikatuta dagoelako liburu osoan. Istorioa hasten da Ferminek aitzurrean ari dela burezur bat aurkitzen duenean. Aurkikuntza horren ostean, gorpu gehiago agertzen eta hezur batzuk desagertzen dira... Misterioa ziurtatuta dago.
Errealitatetik badu zerbait?
Istorioak ez du ezer errealitatetik, baina Azpeitiko Oñatz auzoko gertaera batean du oinarria. Izan ere, gure osabak, duela urte batzuk, burezur bat aurkitu zuen Oñatzen. Aranzadira deitu zuen, eta Pako Etxeberria etorri zen hezurrak ateratzera. Nik 15 bat urte nituen orduan, eta izugarria izan zen guretzat. Hezurrak aztertu ostean esan ziguten XV-XVI. mendeko gizon batenak zirela. Pentsatu nuen gertaera horrek bazuela misteriozko eleberri bat egiteko adina mami, eta hortik abiatu nintzen. Bestalde, liburua fikziozkoa bada ere, pertsonaiak arruntak eta erraz identifikatzekoak dira, eta baita haiek dituzten harremanak ere. Hori bai, egoera arraro edo ezohiko baten aurrean aurkitzen dira.
Thriller generokoa da liburua. Nolatan?
Denetarik irakurtzen dut, baina gustatzen zait irakurketak harrapatu nauen sentsazioa edukitzea, gehiago jakin nahi dudala sentitzea, eta hori lortu nahi izan dut liburuarekin. Idazterakoan ere sentitu dut hori; banekien nola garatu, baina ez hari guztiak nola lotu. Idazterakoan atzera eta aurrera ibili naiz, eta dena itxita ez edukitzeak emozio puntua eman dio prozesuari.
Irakurlea harrapatzeko, zer teknika erabili duzu?
Kontakizuna gaurko egunean garatuta dago, baina tartekatuta daude iraganeko gertaerak. Pertsonaia bakoitzaren denbora lerroan atzera egiten da. Informazioa neurtuta dago.
Nori zuzendutako lana da?
Gazteei eta helduei, pertsonaiak ere denetarikoak baitira. Thriller generokoa da, baina baserri giroa, belaunaldien arteko arrakalak, bikote-harremanak, gazteen errealitatea... islatzen ditu.
Nolakoa izan da idazte prozesua?
Konturatu naiz ezer ez dela hasieran planteatzen duzun modukoa. Pertsonaiek beraiek eskatu didate zer bidetatik jo; izan ere, pertsonaia batzuek uste ez nuen protagonismoa hartu dute. Nobelak bere garapena eta bizia hartzen du.
Inoiz pentsatu zenuen liburu bat idatziko zenuenik?
Pentsatu ez, baina amestu bai. Gaztetxotan Urruzuno sariketa irabazi nuen, baina harrezkero neuretzat idatzi izan dut, beste inork irakurriko duenik pentsatu gabe. Gainera, ez nuen sekula nobelarik idatzi. Beraz, saltoa handia izan da. Beste tamaina bateko lana da; urte osoa aritu naiz istorioa osatzen eta pertsonaiekin bueltaka. Sakrifizioa eta gozamena izan da; amets bat egi bihurtu zait.
Jarraituko duzu idazten?
Jarraitu, jarraituko dut, baina ez dakit zer modutan. Ikusi beharko da zer harrera duen liburuak. Beka baten babesa izateak lasaitasuna ematen du, askotan pentsatzen baituzu ondo ari ote zaren.
Argitalpen data. 2016ko urriaren 5a.
Argitaletxea. Elkar.
Orrialde kopurua. 200.
Salneurria. 18 euro.
Saltokia. Elkar liburu denda.