Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
26 eta 39 urteko bi gizon atxilotu zituzten. Hirugarren ustezko lapurraren bila ari da Ertzaintza.
26 eta 39 urteko bi gizon atxilotu zituzten herenegun, igandea, Ertzaintzak, Landetako enpresa batean ustez kobrea lapurtzen saiatzeagatik. 19:00ak aldean jaso zuen abisua Ertzaintzak; izan ere, enpresaren jabeak lantegira bertaratu ziren alarmak jo zuelako, eta hiru lagun ikusi zituzten handik ihes egiten.
Ertzaintzak esan duenez, enpresako ate batek kalteak zituen eta beste bat behartuta zegoen. Lantegiaren barruan enpresakoa ez zen furgoneta bat zegoen, ustezko lapurrek metalezko piezekin beteta. Furgonetaren ondoan kobrezko material gehiago aurkitu zuten.
Ertzaintzak lantegiaren inguruak arakatu zituen, eta Errezil ibaiaren ondoan lekukoek emandako datuekin bat egiten zuen gizon bat atzeman zuen. Ertzaintzaren arabera, gizonak ez zien azalpen koherenterik eman eta atxilotu egin zuten, indarkeria bidez lapurreta egitea leporatuta. Handik gutxira Jose Artetxe kaleko autobus geltokian atzeman zuten bigarren gizonezkoa.
Ez da bi gizonak atxilotu dituzten lehen aldia; izan ere, Ertzaintzak jakinarazi du aurretik 48 aldiz atxilotu dituztela jabetzaren aurkako delituak egotzita. Bi gizonak epailearen esku utzi zituzten atzo, eta Ertzaintzak ustezko hirugarren lapurraren bila jarraitzen du.