Hainbat herritarrek Valverderi babesa emateko agerraldia egin zuten. (Azpeitiko Libre)
Pasa den urriaren 19an,
Arabako Lurralde Auzitegiak absolbitu egin zituen 2014ko martxoaren 19an Gasteizko EHUren campusean egin zen
elkarretaratze batean atxilotutako Onintza Valverde azpeitiarra eta eta beste bost lagunak. Horren inguruan, Azpeitiko librek "berri pozgarria" dela esan du, baina berri horrek "arazoaren muina ezkutatu ez dezala" eskatu dute: "Sei ikasle horiek euskal presoek ikasteko duten eskubidea aldarrikatzera atera ziren kalera. Eskubidea izan arren, euskal presoek ikasketak egiteko zailtasun eta oztopo handiak dituzte, sarri ikasketak egiteko aukera gabe geratuz. Eta eskubide horiek aldarrikatzeagatik, ikasle horiek polizia gehiegikeriak pairatu dituzte eta salbuespeneko legedia aplikatu zaie."
"Bi lagun horma baten mural bat egiten hasi zirenaren aitzakipean poliziak karga bortitza" erabili zuela salatu nahi izan du Librek, "ikasleak burua irekita eta sei gaztek komisaldegian amaitzea guztiz desproportzionatua eta salagarria" dela esan du. Are salagarriagoa dela jakinarazi dute gazte horiek, elkarretaratze batean parte hartzeagatik, bi eta hiru urteko espetxe zigor mehatxupean bizi behar izatea, bi urte eta erdiz. "Eskubideak aldarrikatzeagatik eskubideak urratu zaizkie absolbitu dituzten sei ikasleei, eta Azpeitiko Libretik horrelakorik berriro ez gertatzea exijitzen dugu", azaldu dute.
"Herri honek konponbidea nahi du. Baina horretarako denen eskubideak (presoenak barne) errespetatu behar dira, eta salbuespeneko legedia bertan behera uztea urgentziazko beharra da", esanez amaitu dute.