(Azpeitiko Udala)
Azpeitiko milaka herritar kirolaren eta ariketa fisikoaren esparruan murgilduta daude, eta horren garrantziaz jabetuta, eremu horretan ere hezkuntza eta formazioa ezinbestekoak direla uste du udalak. "Adin, izaera eta bilakaera ezberdinetako herritarrek egiten dute kirola edo ariketa fisikoa, eta kasu guztietan dago zer hobetua eta zer ikasia. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu kirolaren eremuan osasuna, segurtasuna, praktika zuzenak eta jarrera egokiak lantzea, eta horretarako adituen hitzaldiak eta ikastaroak ezinbestekoak direla uste dugu”, adierazi du Estitxu Elduaien Kiroletako batzordeburuak. Diagnosi horrekin bat egiten du Azpeitiko Kirol Mahaiak ere, eta horregatik, azken hilabeteetan gai hori jorratzen aritu dira hainbat bileratan.
Bilera horietan ateratako ondorioak kontuan hartuta, bi formazio lerro irekitzea erabaki du udalak: batetik, Kirol Mahaiko kideentzako ikastaroak izango dira, eurekin adostutako gaiekin; eta bestetik, herritar ororentzako saioak antolatuko dituzte, gai orokorragoekin. Saio guztiak irekiak izango dira, eta dohainik.
Kirol mahaiko kideek hala lehenetsita, honako ikastaroak egingo dituzte urtea amaitu aurretik:
1.Bihotz biriken suspertze eta kanpo desfibrigailuen inguruko tailer praktikoa. Kirol taldeentako kideentzat izango da ikastaroa, bi ordukoa, eta DYAko adituek emango dute, larrialdi egoeretan nola jokatu aztertzeko.
2.Azpeitiko kirol arloan emakume eta gizonen berdintasunari buruzko formazio saioa. Ikastaroa Abento Asesoria berdintasunean aditua den taldeak emango du, eta jorratuko dituen gaiak honakoak iznago dira:
-Egungo egoera. Legedia eta erakundeek hartutako neurriak.
-Kirol federatuan emakumeek parte ez hartzeko arrazoiak.
-Kirol elkarteetara emakumeak erakartzeko eta bertan geratzeko hartu daitezkeen neurriak.
-Beste herrietan egiten ari diren ekintzen adibideak. Praktika egokiak eta arrakastak.
Saio hori azaroaren 16an izango da. Udaletxean egingo dute, eta bi ordu iraungo du. Saio irekia izango da, eta herritar orok har dezake parte.
Gai orokorragoak
Kirola, osasuna, eta praktika onak lotzen dituzten aldian aldiko gaien inguruko saioak ere antolatuko ditu udalak. Horiek bi edo hiru hilean behin egingo dituzte, eta saioak irekiak izango dira. Saio horiek igerilekuan eskainiko dituzte.
Aurreneko saioa hurrengo ostegunean, urriaren 27an, izango da,
Elikadura kirolean; erresistentzia probak izenburupean. Bertan, maratoi erdia edo bestelako erresistentzia probetarako dieta, hidratazio eta osagarriez hitz egingo dute, 20:00etan hasita. Saio praktikoa izango da, eta ordubete inguruko iraupena izango du. Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko du saioa.
Udalaren asmoa da bi edo hiru hilabetero saioak antolatzea, beti ere kirola eta ariketa fisikoa egiten duten herritarrei lagungarri eta erabilgarri izateko helburuarekin. Estitxu Elduaienek azaldu duenez, saioetarako gaiak Kirol Mahaian eta bestelako eragileekin landu eta erabakiko dira, elkarlanean. "Asmoa da ahalik eta esparru eta eremu gehienetara iristea, beti ere, kirola, osasuna eta praktika egokiak sustatzeko, bai norbanako gisa, eta baita kirol taldeetan ere".