Mikel Larrañagak Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko du igandean

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 21a

Atutxa eta Vicente aizkolarien artean egongo dela lehia dirudi, baina bat baino gehiago dira Larrañagari begira jarri direnak

Mikel Larrañaga igandean Leitzan. (Ibon Errazu) Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala igandean jokatuko dute, 12.00etan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Sei aizkolari lehiatuko dira, joan den hilabetean Leitzan txartela lortu zutenak. Mikel Larrañaga azpeitiarraz gain, Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Joseba Otaegi, Juanjo Lopez eta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira. Bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebaki beharko ditu. Itxura guztien arabera, Atutxa egungo txapeldunaren eta Vicente gaztearen artean egongo da auzia, baina bat baino gehiago dira Mikel Larrañagari ere begiratzen diotenak. Hasiera batean gutxik kontatzen zuten berarekin, baina Gipuzkoako txapela irabazi zuen, eta maila oso ona erakutsita. Mikel Larrañaga hirugarren sailkatu zen Leitzako kanporaketan, eta orduan Urola Kostako Hitzari azaldu zionez, igandeko lehian ere postu hori du begiz jota.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide