Urriaren 29an izango da XI. Libre Ardo Dastaketa Eguna

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 21a

23 upategitako ardoak dastatu ahal izango dira 11:30etatik 14:30era bitartean, plazan. Gainera, Euskal Herriko IV. Txorizo Egosi Lehiaketa jokatuko da.

Ezkerretik eskuinera, Mila Perez, Zigor Odriozola, Valentin Odriozola, Mikel Ibarzabal, Mikel Uria eta Beatriz Larrañaga. (Julene Frantzesena) Urriaren 29an, larunbatez, izango da aurtengo Libre Ardo Dastaketa Eguna. XI. edizioa izango da aurtengoa, eta urtez urte indarra hartuz doa egitasmoa. Gaur, ostirala, egin dute egitasmoaren aurkezpena, eta bertan izan dira Odriozola Ardoakeko ordezkari Zigor Odriozola, Odriozola harategiko Valentin Odriozola, Udaleko Festa batzordeburu Mikel Ibarzabal, txorizo egosi lehiaketan epaimahaikide izango diren Mikel Uria sukaldaria eta Beatriz Larrañaga eta pintxoak eskaintzen ariko den Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko Mila Perez. 23 upategitako ardoak dastatu ahal izango dira 11:30etik 14:30era bitartean plazan, eta kopa eta bost ardo dastatzeko txartelak 5 euroren trukean eskuratu ahalko dira. Zigor Odriozolak azaldu duenez, "ardo txukunenak" ekartzen saiatu dira, plaza "oso garrantzitsua" ari delako bihurtzen Azpeitikoa. Hala eta guztiz, jakinarazi du begiz jota zituzten bi upategitako ardoak ez direla izango aurtengo edizioan, aurtengo ekoizpenaren emaitzak ez dituztelako oraindik jaso. "Iaz arrakasta izan zuen Australiako ardo bat ez da izango aurtengo ardo eskaintzaren zerrendan, azaroan aterako baitute". Haien partez, Uharte upategiaren ardo zuri "berezi" bat dastatu ahal izango da. Odriozolak, eskerrak eman dizkie parte hartuko duten upategi guztiei. 30 bat parte-hartzaile Laugarren aldiz, Euskal Herriko Txorizo Egosi lehiaketa jokatuko da goiz eta eguerdi partean plazan bertan. Gaur bukatuko da lehiaketan izena emateko epea, baina egitasmoaren antolatzaileen arabera, 30 bat harakinek eman dute izena gaur artean. Valentin Odriozolak esan duenez, lehiaketak "arrakasta izatea espero" du. Lehiakide bakoitzak bi kilo txorizo aurkeztu beharko ditu parte hartzeko. Txorizo hori Gaixo eta Elbarrien aisi taldekoek egosiko dute, eta epaimahaikideek hainbat gauza izango dute kontuan txorizoa baloratzerakoan: zabalera, pikatua eta piper-hautsa. Zaporea eta egosi ondorengo txorizoaren kolorea eta itxura hartuko dituzte kontuan epaimahaikideek. Epaimahaia osatuko duten bost kideetako bi dira Mikel Uria sukaldaria eta Beatriz Larrañaga, eta Uriak esan duenez, "iazko txapelketa maila handikoa" izan zen. "Zaila izan zen puntuak banatzea, eta aurten ere hala izan dadin nahi dugu, iaz adinako maila dagoen erakusle izango delako". Lehen hiru sailkatuak sarituko dituzte, eta Mikel Sanjuanek egindako garaikurra eskuratuko dute horiek. Lehenak, garaikurra eta txapela eskuratuko ditu. Bigarrenak, garaikurra eta hirugarrenak, bi lagunentzat afaria Sanagustin kulturgunean. Edariari laguntzeko, jakien postuak jarriko dituzte. Besteak beste, txorizo eta hirugiar pintxoak-eta dastatzeko aukera izango da, Azpeitiko Gaixo eta Elbarrien Aisialdiko Taldeak prestatuta. Bestalde, bost gazta postu ere jarriko dituztela jakinarazi dute egitasmoaren antolatzaileek.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide