Joan den ostiralean eta zapatuan Azpeitiko udaletxeko bosgarren solairuan egin zen Bakea gugandik eraikitzen jardunaldiak "oinarri sendoa" jarri du Udalaren eta UEUren elkarlaneko ibilbidean, udalak adierazi duenez. Egun eta erdiz, bakeaz, memoriaz, emakumeen paperaz, ikerketez, emozioez, bizipenez eta norbere pertzepzioez hitz egiteko eta ideiak elkartrukatzeko gune bilakatu zen Azpeitia. Bi egunetan 85 pertsonek izan dute horretaz guztiaz hausnartzeko aukera.
Eneko Etxeberria alkatearen hitzetan, "horrelako kalitateko jardunaldia Azpeitian izatea izugarria da". Aditu ugarik parte hartu zuten jardunaldian: "Aditu eta aritu ugari izan ditugu gurean, bakeari eta memoriari egin dizkioten ekarpenen berri ematen. Entzuleek interes handiarekin jarraitu zituzten azalpen guztiak, eta entzuleen artean ere somatu da gaiaz hitz egiteko nahia eta beharra”, azaldu du Etxeberriak.
Hasiera emanda, etorkizunera begira UEUrekin elkarlanean segitzeko konpromisoa berretsi du udalak: "Hasiera izugarria eman diogu, eta bide horretan lanean segituko dugu", adierazi du.
Itziar Salegi jardunaldiaren koordinatzailea ere pozik da jardunaldiak eman duenaz: "Parte hartzaileen artean giro polita sortu da, eta benetan parte hartzailea izan da jardunaldia; oso pozik nago. Iritzi interesgarriak entzun ahal izan dira, eta parte hartzaileak ere oso gustura sentitu direla uste dut". Eskerrak ere eman nahi izan ditu: "UEU, Azpeitiko Udala eta Foru Aldundia eskertu nahi ditut jardunaldia antolatzeagatik. Eta, bereziki, hizlariak eskertu nahi ditut, benetan ekarpen emankorrak egin dituztelako. Hizlariek beren denbora eskaini diote prestaketari, bihotzetik egin dutela iruditu zait niri, eta nik ere bihotzez eskertu nahi diet hartutako lana”, adierazi du.
Azarotik aurrera, hiru ikastaro
Azpeitiarrei kalitatezko formazioa eskaintzeko UEUk eta Azpeitiko Udalak sinatu berri duten hitzarmenaren barruan, hiru ikastaro antolatu dituzte bi erakundeek udazken honetarako. Lan munduratzearekin zein aisialdiarekin, hezkuntzarekin eta garapen pertsonalarekin lotutako ikastaroak dira.
- Azaroaren 4an Euskal Herriko oroimen historikoa.
- Azaroaren 7an Software librea eta Ubuntu: oinarrizko ikastaroa
- Azaroaren 12an Adingabeak eta internet: arriskuak eta nortasun digitala.