Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko kidea eta Josu Labaka Euskara batzordeburua. (Julene Frantzesena)
Hamar azpeitiarretatik zortzik euskaraz hitz egiten du kalean. Hori da Soziolinguistika Klusterrak udalaren eskariz egin duen Azpeitiko hizkuntz erabileraren eta hitanoaren presentziaren neurketaren ondorioetako bat.
Klusterrekoek joan den apirilean egin zuten "euskararen erabileraren osasuna" neurtzeko azterketa, eta Josu Labaka udaleko Euskara batzordeburuak eta Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak atzo eman zuten ondorioen berri.
Hainbat ondorio atera dituzte neurketa egin ostean, eta horietako bat da Azpeitiko biztanleen %81,9k euskaraz hitz egiten duela kalean. Herritarren %14k gaztelaniaz hitz egiten du kalean, eta Altunak azaldu duenez, "asko egin du gora" beste hizkuntza batzuen erabilerak. Izan ere, kaleko elkarrizketen %4,2 entzun dituzte beste hizkuntzetan. Halaber, gizonek emakumeek baino «zertxobait» gehiago darabilte euskara kalean: gizonen %83,3k erabiltzen du, eta emakumeen %80,8k.
Lau adin taldetan egin dituzte neurketak: haurrak (2 eta 14 urte bitartekoak), gazteak (15-24), helduak (25-64) eta nagusiak (65 urtetik gorakoak).
Azpeitian euskara gehien erabiltzen dutenak haurrak dira; izan ere, azpeitiar haurren %89,6k euskaraz hitz egiten du. Gutxien, berriz, helduek hitz egiten dute: %76,1 dira elkarrizketak euskaraz egin dituztenak. Gazteen eta nagusien neurketa "parekoa" izan dela dio Altunak, %83,3k eta %83,1ek erabili baitute euskara kalean, hurrenez hurren. Altunak esan du "nabarmentzekoa" dela lau adin-taldeen erabilera maila "altua".
Haurrek eta helduek, elkarrekin daudenean, kasuen %85,9an euskaraz hitz egiten dute. Dena den, neurketan ikus daitekeenez, datua aldatu egiten da haurrak helduekin. Kasu horietan, beren artean haurren %96k euskaraz hitz egiten du. Eta alderantziz ere gertatzen da; nagusiak haurrik gabe daudenean dezente gutxiago erabiltzen dute euskara: %74,2. Horrez gain, adin-taldeak nahasirik daudenean, haurra hitz egiten ari bada, euskararen erabilera altuagoa da (%88,2) nagusia hitz egiten ari denean baino (%83,9).
Euskararen erabilera ez ezik, hitanoaren presentzia ere neurtu dute proba pilotu moduan. Haren aldaerarik erabiliena toka da (%45,1), gero hika neutroa (%37,2) eta noka azkenik (%17,5). Gizonek gehiago erabiltzen dute hitanoa. Klusterrekoek ondorioztatu dutenez, gizon azpeitiarren %28,1k erabiltzen du hitanoa, eta emakumeen %10,6k. Halaber, aldatu egiten da hitano-
aren erabilera adin-taldearen arabera: adinekoen %29,8k erabiltzen du, gazteen %25ek, helduen %23,5ek eta haurren %5,5ek.
2009koarekin alderatuz
Azpeitian 2009an egin zen azkenengoz euskararen kale neurketa. Ordutik %4,3 jaitsi da euskararen kale erabileraren datua –%86,1ek erabiltzen zuen euskara orduan–. Azterketa hura egiteko 2.137 solaskideko lagina erabili zuten, eta lagin haren akats tartea %4-5 ingurukoa zen.
2016an egin duten neurketan, berriz, 1.103 elkarrizketa eta 3.283 solaskideko lagina erabili dute. Laginaren akats-tartea %2,7koa da gutxi gorabehera. Horrenbestez, erabilera datuak behera egin badu ere, Altunak esan du hirugarren neurketa bat egin beharko litzatekeela ikusteko "beherakada hori benetan joera edo ikerketa denek berez duten akats tartearen kontua den".
Bi azterketak alderatuz gero, haurren, gazteen eta helduen euskararen erabilera datua jaitsi egin da zazpi urteotan. 2009an haurren %95ek hitz egiten zuen euskaraz kalean, gazteen %90,8k eta helduen %80,6k. 2016an, berriz, haurren %89,6k, gazteen %83,3k eta helduen %76,1ek. Aldiz, adinekoen erabilera datua igo egin da: 2009an %75,3k erabiltzen zuen euskara kalean, eta 2016koaren arabera, %80,6k.
Euskara "bizirik eta sendo"
Kale neurketak egin dituzten Gipuzkoako herrien artean Azpeitia da euskara gehien erabiltzen den udalerria. Euskal Herrian ere, euskara gehien erabiltzen den herria da Ondarroaren atzetik –%90 ingurukoa da han erabilera–. Gainera, Urola Kostako erabilera datuaren (%71,5), Gipuzkoakoaren (%32,7), EAEkoaren (%16,1) eta Euskal Herrikoaren (%13,3) oso gainetik dago.
Klusterrak egindako neurketaren datuak eta ondorioak aztertu ostean, Azpeitiak "euskararen arnasgune" izaten jarraitzen duela esan du Labakak: "Azpeitia munduko udalerririk euskaldunenetakoa dela esan ohi dugu, eta hala izaten segitzen du. Euskarak bizirik eta sendo jarraitzen du gure herrian". Labakak datu bat nabarmendu du etorkizunari keinu eginez: "Haurren elkarrizketen %96 euskaraz izaten da. Datu oso altua da, eta etorkizunean Azpeitia oraindik eta euskaldunagoa izateko azpimarragarria".
Horrez gain, Labakak esan du udalak euskara ikasteko baliabideak eta proiektuak eskaintzen eta herria euskalduntzeko ekimenak bultzatzen jarraituko duela, "datua pixkanaka hobetzen joatea" baita helburua.
Azterketaren emaitzak euskalgintzako eragileekin eta norbanakoekin aztertzeko bilera deitu du Azpeitiko Udalak azaroaren 17rako. 19:00etan izango da udaletxean.