Onintza Valverde azpeitiarra eta beste bost gazteak absolbitu ditu Arabako Lurralde Auzitegiak

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 19a

2014an elkarretaratze ikasle presoen eskubideen aldeko elkarretaratze batean atxilotu zituzten, eta gaur izan dute absoluzioaren berri.

2014ko martxoaren 19an Gasteizko EHUren campusean egin zen elkarretaratze batean atxilotutako Onintza Valverde azpeitiarra eta eta beste bost lagunak absolbitu ditu Arabako Lurralde Auzitegiak. Gaur, asteazkena, izan dute absoluzioaren berri sei gazteek. Joan den irailean epaitu zituzten sei gazteak Gasteizko Lurralde Auzitegian, ordena publikoaren aurkako erasoa eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Epaiketaren ostean, Valverderentzat eta beste bost gazteentzat zigor eskaerak mantendu zituen fiskaltzak: Onintza Valverderentzat eta beste lau gazteentzat bi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen. Seigarrenarentzat, aldiz, hiru urte eta erdiko espetxe zigorra. Horrez gain, guztira 5.000 euroko zigor ekonomikoa eskatzen zieten. Epaiketaren egunean, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten Azpeitian, epaiketa salatzeko. Euskal presoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek 2014ko martxoaren 19an, Ikasle presoak klasera lelopean. Ondoren, ikasleak horma batean murala egiten hasi ziren, eta Ertzaintzak ikasleetako bat atxilotu zuen. Atxiloketa salatzeko, beste hainbat ikaslek errepidea moztu zuten, eta protestan ziren beste bost lagun atxilotu zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide