Imanol Ituiño: "Magia umeentzako dela pentsatzen dutenek eman diezaiotela magiari aukera bat"

Uztarria.Eus 2016ko urriaren 18a

Imanol Ituiño (1989, Bilbo) bere web orrian datorren bezala "magia parrastan egiten ematen du denbora", pasioz gainera. Asteburu honetan izango den 'Txisteratik, egun magikoa' antolatzen lagundu die herriko lagun talde bati eta berak aurkeztuko du, Soreasu Antzokian izango den Gala Nagusia (19:00etan). Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan astero du tartetxoa magiaren bueltan entzuleak gozarazteko.

Imanol Ituiño. (Imanolituino.com) Azpeitian aurreneko aldia izango da magiarekin halako egun berezi bat antolatuko dena eta Gala Nagusiarekin emango diezue amaiera. Zeuk bertan hartuko duzu parte. Nolako gala izango da? Magia gala bat magia topaketetako klasiko bat izaten da. Bertan hainbat magok hartzen dute parte, bakoitzak saiotxo bat egiten du eta saiotxo bakoitzaren artean aurkezleak beste numero parte hartzaile batzuk egiten ditu. Gure kasuan Tor eta Txoborro izango ditugu ilusio handiak egiten, Jon Zabalek mentalismoaren bazter ilunenak erakutsiko dizkigu bere umore finez, Marsel magia klasikoaren ordezkaria izango da eta D´Albeniz  mago gasteiztar gazteak aurtengo 2. Manipulazio Sari Nazionala erakutsiko digu. Zu magoa zara izatez, baina aurkezle gisa arituko zara oraingoan. Ardura gehiago da azken batean ezta? Horrelako ikuskizunetan aurkezlearen papera numeroen bitartean jendearekin egotea da, teloi atzean eszenatokia saio batetik bestera prestatzen den bitartean jendea entretenitzea. Aurkezleak ere magia egiten du, noski, eta niri pertsonalki asko gustatzen zait figura hori. Publikoarekin lotura estua du, antzerkian ez bezala laugarren hormarik ez dagoelako, zuzenki hitz egiten zaio audientziari. Irakurri elkarrizketa osoa uztarria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide