Nafarroa eta opera bat eginda, Sahatsaren, Musika Bandaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren ikuskizunean

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 17a

120 lagun inguru igo ziren Soreasuko oholtzara larunbateko emanaldian

Azpeitiko Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak ikuskizuna eskaini zuten joan den zapatuan, urriak 15, Soreasu antzokian. Gai bezala Nafarroa hartuta, eta operako abestiak lagun, hiru ataletan banatu zuten saioa: Bidasoa, Carmina Burana-Nabucco eta Bardeak. Guztira 120 lagun inguru igo zen Soreasuko oholtzara, ordu eta erdi inguru iraun zuen ikuskizunean. Emanaldiaz gozatzera hurbildu ziren ehunka herritarren txalo artean eman zioten amaiera ikuskizunari, eta gogoan izan zituzten Udal Musika Bandaren 150. urteurrena eta Sahatsa taldearen 40. urteurrena. Udal ordezkariak ere igo ziren Soreasuko agertokira, eta lora sorta bana eman zieten Musika Bandako zuzendari Unai Frantzesenari eta Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendari Jaime Amenabarri. Zapatukoa Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Sahatsak elkarlanean sortu duten hirugarren lana izan zen, eta duela hilabete inguru hasi ziren prestatzen. Aurrez Azkoitian egindakoak ziren, baina Azpeitian egiteko hainbat moldaketa egin zituzten. Hala, Azpeitiko erraldoiek ere ikuskizunaren parte izan ziren. Ikusi argazki gehiago lotura honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide