Musika eta dantza, bat eginik

Julene Frantzesena 2016ko urr. 13a, 10:22

Julian Barrenetxea abesbatzak, Azpeitiko Udal Musika Bandak eta Sahatsa dantza taldeak emanaldia eskainiko dute larunbatean, 22:00etan, Soreasun. Sahatsak, Iraurgi abesbatzak eta bandak aurrez Azkoitian egindako ikuskizuna moldatu dute.

Julian Barrenetxea abesbatzako, Musika Bandako eta Sahatsa dantza taldeko kideak Soreasun, entsegu batean. (Julene Frantzesena) Musika eta dantza uztartuko dituzte, hain zuzen, zapatuan Julian Barrenetxea abesbatzak, Sahatsa dantza taldeak eta Udal Musika Bandak. Soreasu antzokian izango da emanaldia, 22:00etan hasita. Azkoitian, San Andres festen bueltan egin zuten ikuskizuna aurrenekoz, baina orduko hartan, Sahatsarekin Iraurgi Abesbatza eta Azkoitiko Musika Banda izan ziren Baztartxo antzokiko oholtzan. Bi urtez behin egiten dute ikuskizuna Azkoitian, eta, ondoren, Azpeitira moldatzen dute. Aurtengoa elkarlanean sortu duten hirugarren lana izango da, eta duela hilabete inguru hasi ziren prestatzen. Larunbatean 120 bat lagunek hartuko dute Soreasuko agertokia, ordubete pasatxoko ikuskizun "berezia bezain ederra" eskaintzeko. Nafarroa eta opera Maite Bereziartua Sahatsa dantza taldeko kideak esan duenez, hiru atal izango ditu emanaldiak: Bidasoa, Carmina Burana-Nabucco eta Bardeak. Haren arabera, emanaldietan ikusitakoarekin inspiratu dira ikuskizuna sortzerakoan: "Berako bordon dantzaren eta Erriberako makil dantzen topaketan izan ginen, eta hango jendea, paisaia eta orografia inspirazio iturri izan dira emanaldia sortzeko". Unai Frantzesena bandako zuzendariak jakinarazi duenez, Julian Barrenetxea abesbatzako kideekin kantuan ariko dira KBeat eta Azketa Ahots taldeetako kideak. "Carmina Burana abesteko gizonezkoak behar ziren, eta Azketakoei esan zieten parte hartzeko. Animatu dira, eta zapatuan oholtzan izango dira haiek ere". Carmina Buranaren bi zati, lehena eta hirugarrena, entzun ahal izango dira bertan. Horrez gain, Giuseppe Verdiren Nabucco operaren kanta ezagunena ere joko dute: Va, pensiero. Azkoitiko emanaldiarekin alderatuz, ikuskizunari "aldaketatxo batzuk" egin dizkiotela adierazi du Frantzesenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide