"Egun inposatuak desobeditzeko" Herri Eskolak egingo dituzte, bihar, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 11

11:00etan hasiko dira ekitaldiak herriko plazan. Hitzaldia, NAN jaurtiketa eta ikasle bazkaria egingo dituzte.

Azpeitiko Ernaik eta Azpeitiko Ikasle Abertzaleakek Herri Eskolak antolatu dituzte biharko, urriak 12. "Hispanitateren Eguna da biharkoa, inposatu diguten jai egun arrotza hain zuzen. Urriaren 12a Euskal Herriaren ukazioa eta gure lurraldearen zatiketa ospatzeko beste egun bat da, azaroaren 11 edota abenduaren 6a diren bezala. Jai egun arrotzek gure herria, gure izaera, guztiz zapaltzen dute", azaldu dute antolatzaileek. "Egun inposatuak desobeditzeko", Herri Eskolak egingo dituzte Azpeitiko plazan 11:00etan hasiko dituzte ekitaldiak. Aurrena Hezkuntza erreformak aztergai hitzaldia egingo dute. Jarraian, 12:30ean, NAN jaurtiketa egingo dute. Amaitzeko, 13:00etan ikasle bazkaria egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bakoitzak norbere bazkaria eraman beharko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide