Irailaren 27an, Gudari Egunean, herriko hainbat ikaslek egindako ekimenaren aurka Covite terrorismoaren biktimen EAEko elkarteak esandakoak gaitzetsi ditu Azpeitiko Ernaik. Espainiako Auzitegi Nazionalean
Urola Ikastolaren aurkako salaketa jarriko duela iragarri zuen joan den astean Covitek, eta Ernaik "lotsagarritzat" jo du "ikasleen adierazpen askatasuna horrela murriztu nahi izatea". Antolakundeko kideek azaldu dutenez, "errepresioaren bitartez isilarazi" nahi dituzte, "baina ez dute lortuko".
Haien arabera, Covitek "historia manipulatu" nahi du: "Gernika gorriek bonbardatu zutela esan zutenean bezala, azken hamarkadetako historia manipulatu nahi dute. Angel Otaegi frankismoak fusilatu zuen.
Kurro eta
Pelitxo poliziek hil zituztela epaileak berak ere aitortzen du, kasua artxibatu berri badute ere. Zilegia ez ezik, beharrezkoa iruditzen zaigu azpeitiar horiek oroitzea".
Era berean, elkartasuna adierazi dio Ernaik Azpeitiko ikasle mugimenduari. "Garrantzitsua da euskal herritarrok gure memoria idaztea eta baita hezkuntzan hori lantzea ere. Azpeitiko ikasleak eredugarri izan dira horretan. Ikasle akritikoa, beldurtua eta ahotsik altxatuko ez duena nahi dute. Historiaren irakurketa arrotz eta bakarra inposatu nahi digute. Baina Berri Txarraken abesti batek dioen bezala, "gauzak stereon hobeto ulertzen dira". Ezin da inoren ahotsa isilarazi".