Ostiralean amaituko da etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak eskatzeko epea, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 10a

Udaletik gogorarazi dutenez, "aurreko urteetan laguntza jaso duten pertsonek berriro egin behar dute eskaera laguntza jasotzeko".

Datorren ostiralean, urriak 15, amaituko da etxebizitzen alokairurako 2016ko diru-laguntzak eskatzeko epea. Eskaera orriak udalaren webgunean daude, eta Azpeitia Lantzenen bulegoetan ere eskura daitezke. Izapideak bete edo aurkezteko arazoren bat izanez gero, Azpeitia Lantzenera bertara jo daiteke, aholku eske. Udaletik gogorarazi dutenez, "aurreko urteetan laguntza jaso duten pertsonek berriro egin behar dute eskaera laguntza jasotzeko". 150.000 euro bideratuko ditu udalak etxebizitzen alokairua sustatzeko. Aurten, gainera, zabaldu egin dute laguntzak eska ditzaketen herritarren profila. Hauek dira kolektiboak: 18 eta 35 urte arteko gazteak, 70 urtetik gorako adinekoak, mugikortasun urria duten pertsonak, banandutakoak eta alargunak. Horrez gain, laguntza eskatzeko Azpeitian erroldatuta egon behar da, gutxienez, hamar urtez. Joan den urtean bezala, 550 euro edo gutxiago kostatzen diren etxeetako alokairua ordaintzen lagunduko du udalak. Gehienez, hilean 250 euro jasoko dituzte onuradunek —Alde Zaharrean biziz gero, 50 euro gehiago—. Bestalde, dirua banatzerakoan kontuan izango dute etxebizitzan zenbat pertsona bizi diren eta haiek zer irabazi dituzten urtean. Irabazien arabera, %50a, %40a, %30a edo %20a jasoko dute. Aurreko urteetan diru laguntzak jaso dituzten herritarrei, berriz, gehienez, %25 murriztuko zaie 2016 urteari dagokion diru laguntza. Udalak adierazi du laguntza horiek «bermea» direla onuradunentzat zein etxejabeentzat. Izan ere, laguntza jasotzeko, herritarrek erakutsi behar dute hileroko kuota ordaindu dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide