Dantza jauzien ikasturtea hasi dute Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 9a

Hileko bigarren igandeetan izango dira mutxikoak, eta herriko hainbat txokotan egingo dituzte horiek.

Dantza jauziak, plazan. (Azpeitia Turismo) Gaur, igandea, hasi dute dantza jauzien 2016-2017 ikasturtea. Plazan egin dute hainbat lagunek lehen saioa, 12:00etan hasita. Aurretik, 11:45ean, dantza jauzietako pausoak irakasten aritu dira Sahatsa dantza taldeko kideak. Aurrerantzean mutxikoak hasi aurretik pausoak irakasten arituko dira. Hileko bigarren igandeetan izango dira mutxikoak, eta herriko hainbat txokotan egingo dituzte horiek. Aurten Alde Zaharretik herriko beste hainbat txokotara zabaltzeko saiakera egingo dutela azaldu dute. Herriko hainbat kultur taldek duela hiru urte jarri zuten martxan dantza jauzien proiektua. Aurtengoan, Sahatsa Dantza Taldea, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Dantza Eskola, Azpeitiko Kultur Mahaia eta Kulturaz Kooperatiba elkarlanean arituko dira mutxikoen antolaketan. Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten dantza-jauziek berpizkundea bizi izan dute, eta hegoaldeko herri askotan tradizio hori ikasteko saioak egiteari ekin zaio, tartean, Azpeitian. Dantzak zabaltzea eta herritarrengana gerturatzea da hain justu egitasmoaren helburua, ikusteko ez ezik, gerturatu eta egiteko saioak egiten baitira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide