Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo, osteguna, 20:00etan zabaldu zuten Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako Garagardo Azoka. Aurten, Berdura Plazako lanak tarteko, Alberdieneako aparkalekuan karpa jarri dute, eta han ari dira Urrifesta egiten. Lehen orduetan mugimendu gutxi izan bazen ere, goraino bete zen karpa, eta Erokomeri taldeak alaitu zuen giroa.
Gaur ere zabalik izango da 20:00etatik aurrera, eta DJ Elvis Kaino ariko da musika jartzen. Bihar, zapatua, berriz, DJ Kanutoren txanda izango da. Hala ere, bihar arratsaldez zabalduko dute karpan; izan ere, 16:00etan Mus Txapelketa Azkarra izango da bertan. Karpan bertan eman beharko da izena, eta 20 euro ordaindu beharko du bikote bakoitzak. Txapelketa bukatzean hainbat sari banatuko dituzte. Irabazleek jasotako diruaren %40, txapela eta bi lagunentzat afaria eskuratuko dituzte. Bigarren egiten dutenek, berriz, diruaren %30 eta bi lagunentzako afaria. Hirugarrenak, diruaren %20 eta bi lagunentzat afaria irabaziko ditu, eta laugarrenak diruaren %10 eta bi lagunentzat afaria.
Datorren astean ere zabalik izango da azoka. Hain zuzen, hilaren 11n, asteartea, eta ostiralean eta zapatuan irekiko dute Garagardo Azoka.