Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gudari Eguneko omenaldi batean, Azpeitiko institutuaren atarian, "terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea" leporatuta jarriko du salaketa EAEko terrorismoaren biktimen elkarteak
Europa Press berri agentziaren arabera, Covite terrorismoaren biktimen EAEko elkarteak iragarri du Urola Ikastola Azkoiti-Azpeitia BHIren aurkako salaketa jarriko duela Espainiako Auzitegi Nazionalean, Azpeitiko institutuan egindako omenaldi batean "terrorismoa goratzea" egotzita. Kolektiboak adierazi du ikasleen gurasoek salatu dutela "presio egin dietela beren seme-alabei ETAko presoen aldeko manifestazioetan parte hartzeko".
Ohar bidez, Covitek adierazi du salaketa jarriko duela Azpeitiko institutuaren atarian "ustez terrorismoa goratzeagatik eta biktimak umiliatzeagatik". Haiek adierazi dutenez, ikastolaren atarian "hiru ETAko kide" omendu zituzten joan den asteko Gudari Egunean. Covitek azaldu du horren berri institutuko gurasoen bidez izan duela, haiek adierazi dutelako "babesik gabe daudela gazteak ETAko presoen aldeko manifestazioetara joan daitezen haurren aurka etengabe egiten diren presioen aurrean". Coviteren arabera, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Angel Otaegi dira omendu horietako bi.
Kolektiboak esan du salaketa penala jarriko duela "ikerketa abiarazteko, gertatua argitzeko eta delituaren arrastoak jarraitzeko". Azkenik, esan dute "gorrotoaren kulturarekin amaitu egin behar dela" eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete "jarrera arduragabea" izateari uzteko.
Ez da Covitek institutu baten aurka iragartzen duen aurreko salaketa. Izan ere, joan den irailaren 30ean Hernaniko Agustin Iturriaga institutuaren aurkakoa jarri zuen, Gudari Egunean ikasleek egindako elkarretaratze bat tarteko.