Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Boliviako Ensamble Moxos taldeak kontzertu pedagogikoa eskaini zuen, atzo, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko dantza sueltoko eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleek ere parte hartu zuten ekitaldian. Herritar asko gerturatu zen kontzertua entzutera, eta Sanagustin kulturgunea goraino bete zen.
Talde boliviarra, Taupadak gobernuz kanpoko erakundearekin batera, hainbat kontzertutako bira egiten ari da "Violines contra la amnesia" proiektuaren baitan. Proiektu horren helburua da San Ignacio de Moxos herriko (Bolivia) musika eskola laguntzea, eta hilaren 9raa bitartean emango dituzte kontzertuak Gipuzkoan. Larunbatean, hilak 8, 20:00etan, Loiolako Basilikan emango dute kontzertua.