Atzo agerraldia egin zuten dozenaka lagunek Sanagustin kulturgunean. (Julene Frantzesena)
Dozenaka lagunek, tartean Elosiagako bizilagunek eta Elkar-ekineko kideek, Azpeitian eta Gipuzkoan egiten ari diren hondakinen kudeaketaz iritzia plazaratzeko eta eskaera zehatzak egiteko agerraldia egin zuten atzo, Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote Lapatx zabortegia ixteko, erraustegiaren proiektua gelditzeko eta herrian birziklapena eta berrerabilera bultzatu dituen hondakinen bilketa sistema eraginkorra ezartzeko. Hiru aldarrikapen horiek kalera aterako dituzte azaroaren 19an; izan ere,
Lapatx itxi, errausketarik ez. Birziklatu eta berrerabili lelopean manifestazioa deitu dute egun horretako 18:30erako, Azpeitian. Gainera, egun horretara bitartean mahai-inguruak eta egitasmo desberdinak egingo dituztela aurreratu zuten.
Maite Garmendiak eta Marian Agirrek irakurri zuten manifestua, eta haiek esan zutenez, asko dira "gaiarekin kezkatuta" dauden herritarrak. "Herritik hasita, hondakinen kudeaketa egoki bati gure ekarpena egin behar diogula uste dugu, gauzak ondo eginez". Elosiaga auzoan dagoen Lapatx zabortegia "berehala" ixtea eskatu zuten. "Bertan sortzen diren metanoak eta lixibatuek ingurumenari zein izaki bizidunen osasunari kalte nabarmenak sortzen dizkiete. Bestalde, zabortegiak sortzen duen kiratsa jasan behar dugu herritar guztiok, eta, modu nabarmenean, zabortegi inguruan bizi direnek. Lapatx inguruan dagoen arratoien presentzia handiak kalteak eragiten ditu bizilagunen artean, eta Errezil ibaiaren ondorioz uholdeak jasan behar izaten dituzte sarritan", azaldu zuten.
Azpeitirako birziklapena eta berrerabilera bultzatuko dituen hondakinen sistema bat aldarrikatu zuten, udaleko alderdi politikoek hondakinak kudeatzeko sistema berri eta erangikor baten beharra aldarrikatzeko akordioa sinatu zutela hiru urte pasatu direla gogoraztearekin batera. "Ordutik asko hitz egin da gaiaz herrian, baina oraindik sistema zaharrarekin jarraitzen dugu, eta birziklatze tasa %40 inguruan dago". Hori guztia dela eta, epe motzera eta zehatzera, hondakinen bilketa sistema "berri eta eraginkorra" ezartzeko eskatu zuten, "%80 edo gehiago birziklatzera iritsi beharko" litzateekela uste dutelako. Gainera, auzokonpostaren sistemari "bultzada" emateko galdegin zuten. Sistema berriak emaitza onak izan ditzan komunikazio eta informazio kanpainak egitea eskatu zioten udalari, "herritar guztiak izan gaitezen sistema berriak ezartzen dituen betebeharrak errespetatzen ditugunak". Haiek diotenez, herri askotan "frogatu" dute posible dela hondakinak gaika sailkatzea eskatzen duen sistema eraginkorra ezarri eta birziklapen tasak asko igotzea.
Horrez gain, Zubietan egitekoak diren erraustegia ez dela "hondakinen gaiari irtebbide egokia emateko bidea" esan zuten: "Asko dira oinarri zientifikoen gainean ohartarazi gaituzten medikuak, errauste plantaren inguruan bizi diren herritarren artean gaixotasun ezberdinak izateko arriskua hazi egiten dela ziurtatzen dutenak". Gainera, haien ustez, "aipagarriak" dira erraustegiak ingurumenean eragiten dituen kalteak, "CO2 karnbonoaren gehiegizko isurketa kasu". "Besteak beste, aldaketa klimatikoaren arrazoietako bat da hori. Erraustegiaren aldekoek diote hondakinak erre eta desagerrarazi egingo direla bertan, baina gelditzen diren errauts toxikoak gordetzeko, horien arrisku maila handia denez, segurtasun handiko zabortegiak behar dira". Erraustegiaren proiektuaren atzean dauden "interes ekonomikoak" ere izan zituzten hizketa gai: "Gipuzkoar guztion aberastasunak gutxi batzuen interesei men egiteko nola erabiltzen dituzten ikusten ari gara behin eta berriz". Horiek guztiak esanda, Azpeitia inguruan erraustegirik ez luketela nahi, eta, horrenbestez, beste inori ere ez diotela halakorik opa adierazi zuten: "Guretzat nahi ez duguna ez dugu nahi beste inorentzat".