Azpeitiko Udala herriko zarataren neurketa egiten ari da udalerriko hainbat gunetan. Irailaren hasieran hasi ziren neurketak egiten, herriko zarataren maparen ondorioetatik abiatuta. Izan ere, zarata mapa egin zutenean eremuka sailkatu zuten herria, eta eremu horien barruan ekintza planak egiten ari dira orain.
"Mapa horretan trafikoren, industriaren eta trenaren zarataren neurketa egin behar izaten dira legez, baina hortik kanpo gelditzen dira, besteak beste, aisialdiak sortzen dituenak eta gauetakoak", azaldu dute udal ordezkariek. Hain zuzen ere, azken asteotan egiten ari diren neurketak "batez ere gaueko zarata neurtzeari" zuzenduta daudela jakinarazi dute, "Udalean jasotako hainbat kexari irtenbidea emateko asmoz".
Zehazki, herriko hamalau gunetan jarri dituzte zarata neurgailuak, sonometroak. "Sonometroek gune horietan sortzen diren dezibelioen neurketa egiten dute, ez da ezer grabatzen, neurketa bakarrik erregistratzen da", argitu dute. Zutoinetan, eraikinetako balkoietan eta faroletan jarri dituzte, nagusiki, zarata neurtzeko gailu horiek.