Bihar hasiko da Azpeitiko VII. Tuba Jaialdia

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 28a

Lehenengo aldiz, Donostiako Tabakaleran emango dute inaugurazio kontzertua. Larunbatean izango da Tuba Eguna, eta ordurako antolatu dituzte ekitaldi gehien.

Azpeitiko VI. Tuba Jaialdia inprobisazio tailerra Sanagustin kulturgunean iaz. (Nerea Uranga /Hitza) Bihar, osteguna, hasiko da Azpeitiko Metal Boskoteak antolatutako Tuba Jaialdia. Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa, eta , lehenengo aldiz, Donostiako Tabakalerako Taba kafetegian eskainiko dute lehen entzunaldia. 20:30ean hasita, Donostiako eta Bilboko kontserbatorioko eta Musikeneko hainbat ikaslek, jaialdiko maisu batzuekin batera, pianoz lagundutako tuba eta bonbardino kontzertua eskainiko dute. Ostiralean, irailak 30, 17:00etan ‘Arnasketa zirkular aurreratua’ tailerra emango dute udaletxeko ganbaran. Iban Nikolai Oiartzuarrak zuzenduko du eta didgeridooa, eta beste hainbat instrumentu, jotzeko arnasketa moduaz jardungo du. Tailerrean parte hartzeko sarrera dohainik izango da, eta nahi duen edonork hark dezake parte. Ondoren, Iban Nikolairen ‘Di to won’ musika taldeak kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita. Azpeitian, lehen aldiz, entzun ahalko da didgeridooa zuzenean. Hori amaitutakoan, Jam Sessiona eskainiko dute. Urriaren 1a, larunbata, izango da “ohiko” Tuba Eguna. 9:15ean elkartuko dira musikari guztiak, eta tailerrak eta entseguak egingo dituzte egunean zehar. Bazkaria Zokoa soziedadean egingo dute, eta, arratsaldean, musikari guztiek Antxieta musika eskolako ikasleekin elkarlanean kontzertua eskainiko dute Azpeitiko plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide