Luzapenean irabazi du Saenz Horeca Araberrik Euskal Kopa, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 25a

Gipuzkoa Basket GBC hartu du menpean 75 eta 79ko emaitzarekin. Hirugarren postuan Zornotza Saskibaloi Taldea gelditu da Sammic ISB Azpeitiko taldea gaindituta.

Finaleko une bat. (Eider Bereziartua/ Urola Kostako Hitza) Asteburuan jokatu da saskibaloiko Euskal Kopa Azpeitiko kiroldegian. Bertan, Leb mailako lau Euskal talde aritu dira norgehiagokan: Retabet GBC, Zornotza Saskibaloi Taldea, Saenz Horeca Araberri eta Sammic ISB. Atzo arratsaldean, finalerdiak jokatu zituzten eta bi partidetan Urrezko Leb mailan jokatzen zuen taldea gailendu zen, Gasteizko Araberri taldea eta Donostiako Retabet GBC taldea. Gaur, 12:00etan jokatu dute bi taldeek partida, eta luzapenean irabazi du talde gasteiztarrak. Partida osoan zehar Donostiako taldea ibili da aurretik markagailuan, baina amaitzeko 1,6 segundo falta zirenean berdinketa lortu du talde arabarrak. Luzapenean hobeto aritu dira Araberrikoak eta, azkenean, 75 eta 79 irabazi dute. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan, berriz, Zornotza Saskibaloi Taldeak irabazi dio Azpeitiko Sammic ISBri. Hirugarren laurden txarra jokatu du etxeko taldeak, eta, amaieran, hobeto aritu diren arren, 65 eta 70 galdu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide