Amaia Beristain eta Estitxu Elduaien zinegotziak. (uztarria.eus)
Lan munduko formakuntza ikastaroetarako eta hezkuntza ez arautuko zentroetan antolatzen dituzten eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeko, beka sistema jarri du martxan Azpeitiko Udalak.
Formazio bekak eska ditzakete titulu profesionalean edo lanbide heziketan matrikulatzen diren 25 urtetik gorako herritarrek. Eskolen matrikulak ordaintzeko, garraio gastuetarako eta eskola materialerako emango dituzte bekak, eta, horiek banatzerakoan, Eusko Jaurlaritzaren irizpideak jarraituko dituztela azaldu dute.
Formazio beka eskatzen dutenek langabezian edo lanaldi erdian egon beharko dute. Azaroan egingo dituzte diru laguntzen tramitazioak, eta bekak abenduan banatuko dituzte.
Iazko bidetik, eskolaz kanpoko ekintzetarako bekak ere emango dituzte aurten. 3 eta 18 urte arteko herritarrek eskatu ahalko dituzte horiek, besteak beste, honako eskola edo ikastaro hauetan izena emanez gero: Juan Antxieta musika eskolan, euskal dantza ikastaroan eta Arte eta Diseinu ikastegian. Horrez gain, Udal Kirol Patronatuko bazkide kuota ordaintzeko ere emango dute laguntza.
Jada zabalik da bi diru laguntzak eskatzeko epea, eta udaleko Gizarte Zerbitzuetan egin daitezke eskabideak. Informazioa ere bertan eskura daiteke.
Estitxu Elduaien zinegotziaren arabera, langabeziari aurre egiteko "gakoa" da formazioa: "Udalaren helburua da herritarrei lan mundurako bidea erraztea eta lan kalitate hobeagoak dituzten postuak eskuratzen laguntzea".