Duela hiru urte ere Azpeitian jokatu zen Euskal Kopa. Iraurgi Saski Baloia izan zen txapelduna orduan. (Urola Kostako Hitza)
Datorren asteburuan, irailak 24 eta 25, saskibaloiko Leb mailako Euskal Kopa jokatuko da Azpeitiko kiroldegian. Orain arte ez bezala, bi kategori desberdinetako txapelketak antolatu dituzte, Leb mailakoa eta EBA mailakoa, eta horietan gorena jokatuko da Azpeitian. Beraz, Espainiako bigarren eta hirugarren mailetan jokatzen duten lau Euskal talde izango dira herrian: Retabet GBC, Zornotza Saskibaloi Taldea, Saenz Horeca Araberri eta Sammic ISB.
Larunbatean, 16:30ean jokatuko da lehen finalerdia. Urrezko Leb mailako Retabet GBC eta Zilarrezko Leb mailako Zornotza izango dira aurrez aurre. Ondoren, 18:30ean, zilarrezko mailan jokatzen duen Azpeitiko taldeak urrezko kategoriko Araberri taldearen aurka jokatuko du. Bi partidetako irabazleek igandean 12:00etan jokatuko dute finala. Horren aurretik, 10:00etan bi galtzaileek jokatuko dute.
Egun bakoitzeko sarrera 10€ ordaindu beharko da. Iraurgi Saski Baloi taldeko bazkide direnek, berriz, 5€ ordaindu beharko dute.