Aurkezpenean, gaur, Iñaki Alegria, Itziar Salegi eta Eneko Etxeberria, ezkerretik eskubira. (Azpeitiko Udala)
Bakegintza ardatz duen ikastaro bat eskainiko du UEUk urriaren 14an eta 15ean Azpeitian. Hain zuzen ere,
Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea jardunaldiak Sanagustin kulturgunean egingo dituzte. Antolatzaileek esan dutenez, “bakea eraikitzeko prozesuan sakondu eta gizartea eraldatzeko proposamenak lantzeko oinarriak jartzea” da topaketen helburua.
Ostiralean eta larunbatean izango dira saioak, 09:00etatik 19:30era eta 09:00etatik 14:30era, hurrenez hurren. Besteak beste, UEUko kideek, EHUko irakasleek, kazetariek, historialariek, Gogora Institutuko ordezkariek, Euskal Memoria Fundazioko kideek eta Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek eskainiko dituzte solasaldiak, jardunaldien barruan. Itziar Salegi jardunaldietako koordinatzaileak adierazi duenez “jardunaldi hauetan estatuko indarkeriaren biktimei omenaldi bat egin nahi diegu. Duintasuna eta errespetua itzuli nahi dizkiegu. Guk, herritarrok, guztion artean eraiki behar dugu bakea”, azpimarratu du. Horrez gain, “gazteen begirada” aldarrikatu du: “gazteak ezinbestekoak zarete bake prozesuan. Zuen parte-hartzea oso garrantzitsua da”.
Horrez gain, Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak esan du aurkeztutako jardunaldiak “gizarteak duen eskaera bati erantzuteko” antolatu dituztela. Gainera, eskerrak eman nahi izan dizkio Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari beraien “laguntzagatik eta bidelagun izateagatik”.
Jardunaldietarako matrikulazio epea zabalik da dagoeneko, eta urriaren 10a izango da izena emateko azken eguna. Ikastaroa 40 euro ordaindu beharko da. Aldiz, ikasleek, langabeek eta erretiratuek eta UEUren bazkideek 20 euro. Izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago nahi jaso nahi dutenek
www.ueu.eus webgunearen bitartez egin beharko dute.