Argazkia: EH Bildu
Maddalen Iriarte, EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua, Azpeitiko Tecnalia Research & Innovation Azpeitiko zentro teknologikoan izan da gaur goizean. Bisita ostean prentsaren aurrean agertu da eta Euskal Herriko lan egoeraz aritu da. Iriartek Eusko Jaurlaritzak enplegurako duen estrategia “ez dela egokia” adierazi du, “gure ekonomian turismoak eta zerbitzuak gero eta pisu handiagoa du, Estatu espainolean bezala. Horrela jarraituz gero, ez dugu behar bezala garatuko herri honek duen potentziala”, esan du. Enplegua sortzeko orduan EAE “Espainiaren ajeak” hartzen ari dela salatu du, eta EH Bilduk “Europaren pare egotea” nahi duela gaineratu du.
“Euskal Herrian, Azpeitiko zentroan bezalako gune askotan sekulako esfortsua” egiten ari direla esan du Iriartek, eta “oso jende preparatua” dagoela. “Europa mailako herri aurreratuenen artean egoteko moduko Estatu bat sortzeko lanabesak baditugu”, esan du. “Inoizko gazte formatuenak ditugu, eta kanpora ateratzen jarraitu beharko dute?”, galdetu du Iriartek. EH Bilduren ustez, “administrazioak gazteak formatzen ditu, baina gero emigratzera kondenatuak daude eta euskal jendarteak ez ditu formazioan egindako inbertsio horien fruituak jasotzen”. Horri irtenbidea ematea eta teknologiari bultzada ematea du helburuetako bat EH Bilduk.