Pasa den edizioko garailea, Emmanuel Bett, helmugara iristen. (Ana Abarisketa)
Datorren urteko apirilaren 1ean, larunbata, izango da XXIV. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia. Data “ofiziala” dela jakinarazi dute, Espainiako Atletismoko Federazioko egutegian jarrita baitago. Antolatzaileek esan dutenez, “goi mailako korrikalariak ekartzeko lanean" ari dira dagoeneko eta “lasterketa ederra antolatzeko asmotan” dira.
Horrez gain, gogoratu nahi izan dute atzo Kopenhagen izandako munduko maratoi erdi onenean 10 lehenetan iritsi zirenen artean Azkoitia Azpeitian izandako lau korrikalari sailkatu zirela: Stephen Kibet, Edwin Kipsang, Thomas Ayeko eta Alex Korio Oloitiptip. “Gure lasterketan izaten den goi mailaren adierazgarri da hori”, esan dute.
Gainera, lasterketa horretan parte hartu zuen Elena Gongostek urrezko domina lortu zuen Rioko joko paraolinpikoetan, maratoiko proban, atzo. Elena eta bere talde osoari “zorionak” eman nahi izan dizkie antolatzaileek.