Amaia Etxabe eta Joxe Mari Agirretxe aurkezpenean. (Hitza/Eider Bereziartua)
Haurren heziketa eta aisialdia “beste modu batera” egitea du helburu Herri Hezitzaileak egitasmoak. “Gaur egun dauden ereduetatik kanpo badaude beste praktika batzuk hori gauzatzeko”, azpimarratu du Amaia Etxabek (Arrasate, 1988), Txatxilipurdi elkarteko kideak. Proiektua Azpeitian aurkeztu zuten hainbat eragilek, herenegun. Azoka Herritik programaren barruan eman zuten horren berri, eta duela lau urte inguru hasitako proiektua “Azpeitira hurbiltzea” izan zen hizlarien helburua.
Egitasmoak haurren benetako parte hartzea bultzatu nahi du: “Haurrentzako bainoago, haurrekin egin beharko genuke heziketa. Parte hartzea da jendarte hau eraikitzeko tresna garrantzitsuena”, dio Etxabek. Bat dator Irrien Lagunak klubeko Joxe Mari Agirretxe
Porrotx ere (Lasarte-Oria, 1964): “Haurrez hitz egiten dugunean, herriko eta gizarteko sektore zabalez ere ari gara; denon inplikazioa eskatzen du honek”. Ziur daude prozesu horretan herriko sektore guztiek parte hartzen badute emaitzak “askoz ere aberatsagoak” izango direla maila guztietan. “Herrigintza da honen muina, herri eragileek izan behar dute honen motorra”, dio Etxabek. Agirretxek uste du hori dela gakoa: “Modu horretan, jendeak bere sentitzen du proiektua. Gurea dena gehiago zaintzen dugu, gurea sentitzen dugu eta”.
Herrigintzaz gain, prozesuak aurrera egiteko herrietako udalek eta ikastetxeek ere bidelagun izan behar dute. “Udalek beraiek daukate konpetentzia arauak egin eta planteamenduak onartzeko. Ikastetxeetan, berriz, haurrek gaitasunak garatzen dituzte, eta balioak jaso. Horiek guztiek herriari bizitza ematen diote, eta denek bat eginik ekin behar diote bide honi”. Etxaberentzat, oso garrantzitsua da udalean dauden alderdi politiko guztiek hasieratik parte hartzea proiektu horretan: “Gerora, berme bat behar da honek aurrera egin dezan. Hau ez da kanpaina bat: hau bizitzeko modu bat da”.
Jarraitu erreportajea irakurtzen,
Gipuzkoako Hitzaren webgunean.