La Basu: "Badirudi rapak aurkitu duela bere lekua Euskal Herrian"

Uztarria.Eus 2016ko ira. 16a, 12:11

Kontzertua eskainiko du La Basuk zapatuan, hilak 17, Sanagustin kulturgunean. Emakumea, sortzailea eta euskalduna da Elena Caballero rap abeslari bilbotarra. Bere azken proiektuaz, orain arte egindako ibilbideaz eta Euskal Herrian rapak duen osasunaz hitz egin du.

La Basu. (Elena España) Bilbon jaioa eta hazia, Elena Caballero (Bilbo,1983), La Basu ezizenaz ezagutua, musikaren amorante sutsua da. Gaztetatik hasi zen raparen munduan murgiltzen, eta oraindik horretan jarraitzeko asmoa du. La Basuk "borrokalaria" dela dio, eta musika hitza entzunda "askatasuna" datorkio burura. Nolatan hasi zinen raparen munduan? Graffittiak egiten zituen mutil bat ezagutu nuen behin, eta hark rap musika biltzen zuen cassette bat utzi zidan. Raparen erritmoak ezagutu nituen hari esker, eta maitemindu egin nintzen. Beti idatzi izan ditut olerkiak eta istorioak, baina behin doinu haiek ezagututa rapa idazten hasi nintzen. Pixkanaka Bilbon zeuden rap taldeak ezagutzen joan nintzen orduan, eta gerora nire taldea sortu nuen, 1999an, Jungla Urbana izenekoa. Bost emakumek osatzen genuen, eta nire lehenengo kontzertuak beraiekin izan ziren. Gero bakarlari moduan jarraitu nuen nire ibilbidea, eta gaixotasun baten ondorioz geldialdia egin nuen. Dagoeneko ondo nago, eta oholtzetara bueltatu naiz indarrez beteta. Iaz Aire es vida diskoa kaleratu nuen, eta aurten Izotz Erregina proiektuarekin ari naiz lanean. Nola definituko zenuke zure azken proiektua? Duela hiru hilabete kaleratu nuen nire azken EPa, Izotz Erregina. Abenduan kaleratuko dudan diskaren aurrerapena da, eta izugarrizko erronka izan da niretzat. Euskaraz idatzi ditut abestiak, eta euskaldun berria naizenez asko kostatu zait. Gustura nago, ordea. Izan ere, uste dut euskal rapak behar duela bultzada bat, emakumeon begietatik batez ere. Aurrerapena hiru kantek osatzen dute, eta oso pozik nago. Diskoarekin zer gertatzen den ikusi egin behar... Elkarrizketa osorik, Uztarria.eus-en irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide