Gaur, osteguna, pintxo-pote berezia izango da Azpeitian, 19:00etatik 21:00era, Azoka Herritik egitasmoaren baitan. Urola Gustagarri da ekimenaren antolatzailea, eta, iraila tomatearen garaia denez, produktu hori aukeratu du aurtengo egitasmoa aurrera eramateko. Beraz, parte hartuko duten herriko 16 tabernatan bertako ekoizleen tomateekin egindako pintxo desberdinak jateko aukera izango da.
Egitasmoan honako taberna hauek hartuko dute parte: Pastorkua, Juantxo Txiki, Berdie, ISB taberna, Danbara, Etxaun, Pikua, Sanagustin, Aisialdi, Eguzkitza, Zuhatz, Korrale, Orkatz, Topa, Etxe-Zuri eta Ertz.
Gaur ez ezik, bihar arratsaldean eta larunbatean, egun osoz, ere izango da aukera pintxo horiek dastatzeko.