Onintza Valverderentzat eta beste bost gazteentzat egindako zigor eskaerei eutsi die fiskalak

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 14a

Gaur, asteazkena, izan da epaiketa Arabako Lurralde Auzitegian. Valverderentzat bi urteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatu ditu fiskalak. Epaiaren zain galditu dira epaitutako sei gazteak.

Gasteizen elkarretaratzea egin dute epaiketa salatzeko (Topatu.eus). Gaur, asteazkena, 09:30ean hasi da duela bi urte Gasteizko EHUren campusean atxilotu zituzten sei gazteen aurkako epaiketa, Arabako Lurralde Auzitegian. 2014ko martxoaren 19an atxilotu zituzten elkarretaratze batean, euskal preso politikoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzen ari zirela. Tartean da Onintza Valverde azpeitiarra. Gazte batentzako hiru urteko espetxe zigor eskaria mantendu du Fiskaltzak, eta beste bostei bi urteko eskaria mantendu die. Valverderentzat bi urteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa galdegin ditu fiskalak. Ia lau ordu iraun du saioak, eta, bitartean, elkarretaratzea egin dute hainbat ikaslek epaitegiaren aurrean, auzipetuei sostengua adierazteko. Auzi saioan, besteak beste, 2014ko martxoaren 19an izandako gertakarietan parte hartu zuten ertzainek eta segurtasuneko langileek ere deklaratu dute. Fiskalaren eskaeraren aurrean, sententziaren zain gelditu dira orain sei gazteak. Topatu atarian jaso dutenez, ikasleek orduan egindako aldarrikapenak berretsi dituzte: "Euskal preso politikoek EHU-UPVn ikasteko duten eskubidea ozen aldarrikatu nahi dugu". Era berean, Ertzaintzaren jarrera eta Unibertsitatean duen presentzia arbuiatu dute: "Gorputz armatuek unibertsitatetik kanpo behar dutela pentsatzen jarraitzen dugu. Zehazki guk aldarrikatzen dugun unibertsitate ereduaren beste muturrean dago".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide