Joxe Mari Agirretxe: "Denon parte-hartzea bermatzen denean, denok sentitzen dugu geure eraikitakoa"

Uztarria.Eus 2016ko ira. 14a, 14:12

Herri hezitzailearen filosofiaren eta proiektuen gainean hitzaldia emango du gaur, Amaia Etxaberekin batera, Sanagustin kulturgunean (19:00), Azoka Herritik egitasmoaren lehen ekitaldian. Francesco Tonuccik Haurren hiria lanean proposatutako eredua garatzeko Euskal Herrian baldintzak ematen direla uste du Porrotx-ek, eta Azpeitia eta Kultur Mahaia horren adibidetzat ditu.

Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'. (actoresvascos.com) Zertan oinarritzen da herri hezitzaileen filosofia? Herri hezitzaileen filosofia da euskaraz, Euskal Herri parte-hartzaile bat nahi dugula, etxetik hasi eta aberriraino zabalduko dena: familietan, eskoletan, herrigintzan, udalean... Denak elkarturik, herrian eta Euskal Herrian, adin eta bestelako mugarik gabe, haurrak, gazteak, emakumezkoak, gizonezkoak, aiton-amonak... Maitasun eta gabezi, denetarik dugun guztiok, denok baitauzkagu, izan behar dugu aukera geure oraina eta etorkizuna arazteko. Hausnartuz, proposatuz, eztabaidatuz, erabakiz eta eginez. Esan bezala, etxetik hasita praktikan jarri daitekeen filosofia bat da. Denbora gehiago ematen du, noski. Baina uste dut, azkenean, denbora bat inbertitzen denean horretan, eta denon parte-hartzea bermatzen denean, denok sentitzen dugula geurea eraikitakoa; eta, horrela, gehiago zaintzen dugu, denona baita. Horrek edozertarako balio du, hirigintza plangintza baterako, parke baten diseinurako edo ekintza xume baterako. Inportantea da denek parte hartzea. Francesco Tonuccik Italian eskola eta haurrak eta udala harremanetan jartzen zituen. Baina Euskal Herrian herrigintza dugu eta herrigintza sekulako aberastasuna da; eta Azpeitia bezalako herri batean gehiago, horretan eredugarria da eta. Udalean arauak egiten dira, eta hirigintzako edozein planteamendu udalaren eskuetatik pasatu behar da; orduan, nahitaezkoa da ere udalaren parte-hartzea. Baina udala ez da ezer herrigintzarik edota hezkuntza mundurik gabe. Beraz, denok gara beharrezkoak, nahitaezkoak. Hori da filosofia. Euskal Herrian baldintzak ematen dira hori garatzeko eta, inertziak gaindituz, bide berri bati ekin behar diogu, etorkizun oparo bat eskainiko diguna guri, eta gurekin batera munduari. Irakurri elkarrizketa osoa uztarria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide