Azpeitiko hainbat tabernetan pintxo bereziak eskainiko dituzte bertako tomatea oinarri hartuta, eta beste zenbait jatetxetan menu bereziak emango dituzte bertako osagaiekin eginda.
Urola Gustagarriren aurkezpena. (Azpeitiko Udala)
Aurtengoan ere, beste urte batez, Urola Gustagarri ekimena presente izango da Azoka Herritiken laugarren edizioan. Urkomek eta Iraurgi Berritzenek bultzatutako ekimena da, eta bertako produktuak balorean jarriz, aisialdi eta turismorako proposamenak eta produktuak gauzatzea du helburu.Aurtengoan Urola Gustagarriren baitan bi egitasmo desberdin izango dira Azoka Herritiken. Alde batetik, lehenengo aldiz, herriko hainbat tabernen parte hartzearekin, bertako ekoizleen tomatea erabilita eginiko pintxo desberdinak dastatu ahal izango dira Azpeitian. Ekimenean parte hartuko duten tabernak Pastorkua, Juantxo Txiki, Berdie, ISB, Ganbara gourmet ardotegi&delicatesen, Etxaun delicatesen kafetegia, Pikua, Sanagustin, Aisialdi gastro-tokia, Eguzkitza, Zuhatz, Korrale, Orkatz, Topa, Etxezuri eta Ertz taberna izango dira, eta pintxoak hilaren 15ean, pintxo potean, 16an arratsaldean eta 17an egun osoan zehar dastatu ahal izango dira. Bestalde, beste edizioetan bezala, garaiko eta azokan erosi ahal diren produktuekin osatutako menu desberdinak eskainiko dituzte herriko hainbat jatetxek. LarraƱaga hotela, Mikel Uria, Sagasti Zahar jatetxea, Kiruri eta Kiroldegiko jatetxea izango dira parte hartuko duten jatetxeak. Horrez gain, esku liburuak atera dituzte egun horretako menuen eta plateren errezetekin. Horrela, herritarrek jatetxeetako menuez gozatzeko aukera izango dute.