Ehundaka lagun izan dira Arnaldo Otegik eta Maddalen Iriartek Azpeitian egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian. (Julene Frantzesena)
Hilaren 25ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan sartuta dira dagoeneko alderdiak eta koalizioak, eta gaur, astelehena, arratsaldean kanpainako ekitaldia egin du EH Bilduk Azpeitiko plazan. 18:30ean zen hastekoa agerraldia, baina 19:00ak inguruan hasi da. Ordurako plazan ziren azpeitiarrek nahiz inguruko herrietatik hurbildutako bizilagunek txalo artean hartu dituzte Gipuzkoako hautes-zerrendako kideak, tartean, Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaia (Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin betiko baztertu zuen Otegiren hautagaitza joan den astean) eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako zerrendako bigarrena.
Sozioekonomia, burujabetza, hezkuntza, osasuna, presoak eta feminismoa izan dituzte hizpide, besteak beste, eta argi adierazi dute beste alderdiekin akordioak egiteko prest daudela. Iriartek "Madrildik lezioak ematera datozenek gauza bat ikasia izan beharko" luketela honezkero adierazi du: "Herri honek aurrera egiteko unea iritsi da. Herri honek bere baitan daukan gaitasun izugarria garatzeko eta Europako eta munduko herrialde aurreratuenen parean jartzeko unea iritsi da. Madrildik lezioak ematera datozen horien inposizioak eta erabaki okerrak gainditzeko unea iritsi da. Herri hau beste leku batera eramango duen herri akordioak gauzatzeko unea iritsi da. Hobeto bizitzeko. Herri hau eta eta euskal herritarrak merezi duten leku berri eta ilusionagarrietara eramateko.
Otegik esan du EH Bilduk "enplegu duinaren" aldeko apustua egiten duela. "Herri honetan, eta, orokorrean, eskualdean, urte gogoaak bizi izan dituzue, baina urte hauetan demostratu duzue borondate politikoa egonez gero, elkarlanean eta herriaren interesak aurrean jarrita, egoera txarrak gainditzeko aukera dagoela". Otegik honela amaitu du agerraldia: "Irribarre egiteko garaia da. Borroka egiten badugu, irabazi egingo dugu".
Larunbatean, irailak 17, EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egingo du Bilboko Miribilla-Bilbao Arenan, 17:30ean. 16:00etan irtengo dira autobusak Azpeititik, eta hara joan nahi duenak Orkatz kultur elkartean edo EH Bilduren egoitzan eman dezake izena.