Josu Labaka Azpeitiko udaleko Kultur zinegotzia eta Agustin Jimenez antolatzailea aurkezpenean. (Eider Bereziartua/Hitza)
Irailaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean VII. Tuba Jaialdia ospatuko dute Azpeitian. “Euskal Herriko mota honetako jaialdi garrantzitsuenetarikoa” dela azpimarratu du Agustin Jimenez Azpeitiko Metal Boskoteko kideak eta antolatzaileak. “Gure asmoa ez da inoiz kontzertu ikusgarria ematea, goi mailako maisuak herrira ekarri eta zaletuekin bat egitea baizik”, jarraitu du Jimenezek. Azpeitiko Udalari eskerrak eman nahi izan dizkio jaialdi hori ospatzeko emandako baliabideengatik. Josu Labaka Kultur zinegotziak, ordea, “eskerrak jaso beharrean ematea tokatzen zaigu”, erantzun dio: “Tuba jaialdia Azpeitiko mugatatik haratago zabaltzea lorpen handia da”.
Jaialdi horren baitan, hainbat tailer,
Jam session “dibertigarria” eta hiru kontzertu antolatu dituzte hiru egunetan banatuta. Aurten, gainera, didgeridooa Australiako aborigenek erabiltzen duten musika tresna ezagutzeko aukera izango da.
Jaialdia irailaren 29an, osteguna, hasiko da. Aurten, lehenengo aldiz, Donostiako Tabakalerako Taba kafetegian eskainiko dute lehen entzunaldia parte hartzaileek. 20:30ean hasita, Donostiako eta Bilboko kontserbatorioko eta Musikeneko hainbat ikaslek, jaialdiko maisu batzuekin batera, pianoz lagundutako tuba eta bonbardino kontzertua eskainiko dute.
Irailaren 30ean, ostirala, 17:00etan 'Arnasketa zirkular aurreratua' tailerra emango dute udaletxeko ganbaran. Iban Nikolai Oiartzuarrak zuzenduko du eta didgeridooa
, eta beste hainbat instrumentu, jotzeko arnasketa moduaz jardungo du. Tailerrean parte hartzeko sarrera dohainik izango da, eta nahi duen edonork hark dezake parte. Ondoren, Iban Nikolairen 'Di to won' musika taldeak kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita. Azpeitian, lehen aldiz, entzun ahalko da didgeridooa zuzenean. Hori amaitutakoan,
Jam Sessiona eskainiko dute.
Urriaren 1a, larunbata, izango da “ohiko” Tuba Eguna. 9:15ean elkartuko dira musikari guztiak eta tailerrak eta entseguak egingo dituzte egunean zehar. Bazkaria Zokoa soziedadean egingo dute eta arratsaldean, musikari guztiek Antxieta musika eskolako ikasleekin elkarlanean kontzertua eskainiko dute Azpeitiko plazan. Tuba egunean parte hartzeko
facebookeko orrialdean edo
tubajaialdia@gmail.com posta elektronikoan eman beharko da izena irailaren 26a bitartean. Izena emateko 30€ ordaindu beharko ditu parte-hartzaile bakoitzak, 24€ ATYBko bazkideek.
Horrez gain, aurreko urteetako argazkien erakusketa izango da sanagustin kulturgunean irailaren 20tik urriaren 4a arte.