Eskaintza zabala izango Azoka Herritik egitasmoan

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 9a

Irailaren 14tik 17ra egingo dute, Azpeitian

Azoka Herritik egitasmoaren laugarren edizioa izango da irailaren 14tik 17ra bitartean. Hainbat jarduera antolatu dituzte Azpeitiko eragileek, besteak beste, Herri hezitzailea izeneko hitzaldia. Joxe Mari Agirretxe Porrotx eta Amaia Etxabe izango dira hizlariak. Irailaren 14an izango da, 19:00etan, Sanagustin Kulturgunean. Familiarena, ikastetxearena edota jendarte osoarena da haur, nerabe eta gazteen hezkuntzaren ardura? Haur, nerabe eta gazteak bakarrik al dira hezkuntzaren helburu, edo denok gaude etengabeko hezkuntza prozesu batean murgilduta? Haur, nerabe eta gazteek ez al dute beren heziketan zer esanik? Halako galderei erantzunak ematen ahaleginduko dira solasaldian. Antolatzaileen arabera, oro har, hezkuntza bizitza osoan etenik gabe burutzen den ikaskuntza-irakaskuntza prozesu moduan definitzen da; eta hezkuntza prozesu horren ardura, elkarbanatua denean, emaitza hobeak lortzen direla ondorioztatu da. Hezkuntza prozesuaren ardura familia, ikastetxe eta jendartearen artean elkarlanean burutzen denean, alegia. "Askotan ahaztu egiten zaigu, ordea, badela ekuaziotik at uzten dugun beste talde bat: ez al dute haur, nerabe eta gazteek zer esanik beren hezkuntzaren inguruan? Herri hezitzailea, eskola herritarra egitasmoan sinesten dugun eragileek baietz uste dugu, zer esanik badutela, eta erabakiak hartzeko gaitasun hori bera ere, badela, hezkuntzaren zati garrantzitsua". Azpeitian, «hezkuntza eta aisialdi eredu parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra» bultzatzeko proiektu berria martxan jarri nahi da. Herri mailako proiektu hori hiru zutabetan oinarrituko da: Hezkuntza, Udala eta Herrigintza. Azpeitiko Udala, hezkuntzako eragileak eta herrigintza osatzen duten hainbat elkarte eta eragiletako kideak, berdintasunezko harremanen bitartez, elkarlanean jarri nahi dituzte, Azpeitia Herri Hezitzailea izan dadin. Herri mailako proiektu euskaldun, anitz, parte hartzaile, parekide eta komunitarioa eraikitzea da helburua: "Eskolaz gain, argi baitaukagu, norbanako, elkarte, eragile... guztiok hezten dugula eta hezten garela, gure eguneroko jardunean. Herri moduan, gure komunitatea norantz garatu nahi dugun erabaki eta oinarri horietan elkar hezteko". "Jakin badakigu, Azpeitian, herri hezitzailearen etiketa erabili gabe, filosofia horrekin bat egiten duten mugimendu, dinamika eta ekintza ugari burutzen direla. Herri hezitzailea dinamika horiekin guztiekin testuinguru edota marko global komuna emateko aukera da. Herri Hezitzailea filosofia aldaketa da, egiteko moduak birpentsarazi nahi dizkigun mugimendua. Hezkuntza beste ikuspuntu integralago batetik ikusten lagunduko diguten betaurreko berriak bailiran". Hona hemen, Azoka Herritik egitasmoko egitarau osoa: Irailak 14, asteazkena
  • 19:00. Hitzaldia: Herri hezitzailea. Hizlariak: Joxe Mari Agirretxe Porrotx eta Amaia Etxabe. Sanagustin kulturgunean.
Irailak 15, osteguna
  • 19:00-21:00. Pintxo poteoa, bertako tomatedun pintxoekin. Herriko tabernetan.
Irailak 16, ostirala
  • 16:00. Soreasuko Elkargunearen irekiera.
  • 17:00. Udaletxe azpian, baserritarren azoka. Alberdienean eta Erdikalean, stock azoka.
  • 18:00. Bertan-en maskotaren aurkezpena eta umeentzako txapa tailerra, Alberdienean.
  • 22:00. Afizionatu mailako pilota partidak, Ilunpe Pilota Elkarteak bere zaleei eginiko eskertza gisa. Frontoi Txikian.
  • 22:30etik aurrera, formatu txikiko kultur ekintzak: 22:30. Poesia errezitaldia, Anartz Izagirreren eta Garazi Ugalderen eskutik, Orkatz tabernan. 23:00. Jendartean bidaide. Inklusioaz formatu txikian, Xanti Agirrezabala eta Telmo Irureta. Sanagustin kulturgunean. 23:30. Kontzertua: Felipe Murillo eta Iraia Bereziartua. Pikua tabernan.
Irailak 17, zapatua
  • 09:30. Azokako partaideekin gosaria, Sanagustin kulturgunean.
  • 10:30. Kale animazioa Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilari, txistulari eta panderojoleekin.
  • 10:00-14:00. Plaza Nagusian: baserritarren azoka; artisauen azoka; tomate erakusketa eta tomate zatarraren lehiaketa; 11:00etan, hazien tailerra haur eta helduentzat (izena ematea beharrezkoa da, Gazte Informazio Bulegoan goizez, edota 943157160 zenbakira deituta); irratia kioskotik. Plaza Txikian, kulturgunea: Arte eta Diseinu Eskola, Antxieta Arkeologia Taldea eta Juan Antxieta Musika Eskola. Erakusketa eta emanaldiak. Alberdienean eta Erdikalean: Bertan Azpeitiko Merkatarien Stock azoka eta herriko merkatarien dendak. Elkargunean eta Erdikalean: Elkar-ekinen bigarren eskuko materialaren salmenta postuak. Perez Arregi plazan: Hainbat elkarteren postuak, erakusketak eta hena tailerra. Olazko Andre Mariaren plazan: Eskola kirola, atletismoa (09:30-11:00); atletismoa eta xakea (11:00etatik aurrera).
  • 14:00. Gaztetxean, bazkari begetarianoa eta, bazkalostean, Onintza Valverderen kontzertua.
  • 16:30. Plaza Nagusian, artisauen azoka. Alberdienean, stock azoka. Erdikalean, bigarren eskuko azoka eta dendariak.
  • 18:30. Euskal kantak plaza Nagusian. Juan Antxieta Musika Eskolaren, K-Beat koruaren eta Azpeitiko Dantza Suelto Eskolaren ekitaldia.
  • 20:00. Otarrearen zozketa, plazako kioskoan.
  • 23:00. Kontzertuak: Perlak eta La Basu. Sanagustin kulturgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide