Azpeitiko gazte bat epaituko dute asteazkenean, elkarretaratze batean parte hartzeagatik

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 9a

Hari babesa adierazteko, elkarretaratzea egingo dute epaiketaren egunean, Azpeitiko plazan, 19:00etan

2014. urteko martxoaren 19an sei ikasle, tartean azpeitiar bat, atxilotu zituzten Gasteizko EHUko kanpusean egin zen elkarretaratze batean. Orain, atxilotu zituzten sei gazteentzat espetxe zigorra eskatzen du epaileak. Horren harira, gazte azpeitiarrak epaiketa dauka irailaren 14an, asteazkenean. Gasteizko Epaitegian izango da, 09:30ean hasita. "Epaituei elkartasuna adieraziteko, muntaia poliziala salatzeko eta euskal presoen eskubideen aldeko ekimenek duten zilegitasuna azpimarratzeko" agerraldia egin zuten atzo hainbat herritarrek. Agerraldian azaldu zutenez, "euskal preso politikoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko antolatu zuten elkarretaratzea, eta sei gazteak bertan parte hartzen ari ziren beste ikasle askorekin batera. Ikasle batzuk mural bat egiten hasi zirela eta, kanpuseko segurtasun indarrek, kalez jantzitako ertzainek lagundurik, gazteetako bat bortxaz atxilotu zuten. Hori ikusita ikasleek errepidean eserialdia egitea erabaki zuten. Ertzainak atxilotua kotxera eramaten hasi ziren, eta ikasleak atxilotuari babesa adierazten hastean, ertzainen furgoneta bat eta zazpi auto agertu ziren, eta ikasleen aurka gogor oldartu ziren". "Oldarraldiak dozenaka zauritu eragiteaz gain, beste bost ikasle atxilotu zituzten ertzainek. Horietako bat mugikorrarekin grabatzen hasi zelako. Gainera, ertzainen irain sexistak entzun behar izan zituzten gazteak askatzeko eskatzen hasi ziren ikasleek. Karga poliziala justifikaziorik gabea izan zen". Atxilotutako ikasleei zigor "gogorrak" eskatzen dizkie fiskalak orain. Guztientzako zigor ekonomikoez gain, bati hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, eta beste bost gazteei bina urteko espetxe zigorrak eskatzen dizkie, tartean, Onintza Valverde azpeitiarrari. Hari babesa adierazteko, elkarretaratzea deitu dute: epaiketaren egun berean izango da, 19:00etan, Azpeitiko plazan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide