Errealitatea, bertatik bertara

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ira. 9a, 11:37

Abuztuan, Greziako Kios irlako errefuxiatuen kanpamentuetan egon zen Maddalen Epelde boluntario lanetan. Han bizitako esperientzia «eder baina gogorraz» hitz egin du.

Turkiako hondartza batean ahuspez hilda agertu zen Aylan Kurdi haurraren irudia, leporaino betetako txalupak edo Mazedoniako mugako jende uholdeari oldartutako polizia. Sorterritik ihesi deserrira doazen milaka errefuxiaturen argazkiak ikusi ahal izan dira azken urtebetean hedabide batean nahiz bestean. Azken hilabeteotan isil antzean dira horiek, errefuxiatuen krisiari dagokionez, baina horrek ez du esan nahi arazoa konpondu denik, etxera itzuli direnik, gerra bukatu denik. Oraindik ihesean, noraezean, jarraitzen dute milaka eta milaka errefuxiatuk, Europara noiz iritsiko. Horren lekuko da Maddalen Epelde (Azpeitia, 1987); izan ere, abuztuaren 4tik 24ra bitartean Greziako Kios irlara joan zen errefuxiatuen kanpalekuetan lan egitera, boluntario moduan. "Aspalditik" zuen Epeldek errefuxiatuek bizi dutena bertatik ezagutzeko gogoa. Izan ere,  Euskal Autonomia Erkidegoko gazte etorkin tutelatu ohien gizarteratze prozesuak soziologiako doktore tesia aurkeztu zuen joan den apirilean, eta ikerketa lan horrekin badu lotura errefuxiatuen egoerak. "Immigranteen egoera izatez ziurgabea bada, adin txikiko errefuxiatuena oraindik eta gehiago". Dena den, ez du haien egoera ezagutzeko paradarik izan, Greziara bakarrik iristen diren adin txikikoak zentro batean sartzen dituztelako. Halere, oro har, errefuxiatuen egunerokoa ezagutzeko aukera izan du. Souda, Depethe eta Vial Kios irlan errefuxiatuen hiru kanpamentu daude egun: Souda, Depethe eta Vial. Azken hori militarren esku dago, eta, "oso zaila" da hara sartzea: "Talde jakin batzuek soilik dute sarbidea. Kartzela modukoa da". Horregatik, beste bi kanpalekuetan izan da Epelde, CERST (Chios Eastern Shore Response) boluntario taldearekin. Azpeitiarrak egindako egonaldian mundu guztiko boluntarioak ezagutu ditu, eta esperientzia "oso aberasgarria" izan dela dio, nahiz eta askotan "negarrari eusteko ahaleginak" egin behar izan dituen. "Tristea da hango egoera, eta gauza gogorrak ikusten dituzu. Baina ezin duzu hara joan eta behea jota egon. Askotan pentsatu nuen ni zer tontakeriekin estutzen naizen". Memorian ondo gordea du Epeldek bi urteko haur baten amak behin eta berriz nola esaten zion bere alaba Azpeitira ekartzeko: "Pentsa ama hari zer pasatuko zitzaion burutik haur txiki hura nik Azpeitira ekartzeko esateko. Eta gogorra da hiru astean harreman estua egin, eta gero beraien berririk ez izatea". Boluntario taldeek errefuxiatuei laguntzeko hainbat ekintza egiten dituzte egunero, eta azpeitiarrak ere denetarik egin du. "Maletak eta arropa banatzen genizkien. Maletak, ezer gabe iristen direlako eta egun batetik bestera joan behar dutelako. Erregistratuta daude familiak, baina, egia esan, zaila da banaketa egitea ez genuelako produktu nahikoa eta erabaki behar zelako nori eman eta nori ez". Arratsaldeetan umeekin egiten zituzten ekintzak. Depetheko kanpalekura sartu eta 'txaka-txaka' (trenaren zarata) esaten zuten. "Hori esanda, haurrek bazekiten boluntarioak han ginela, eta sokara batzen ziren kanpalekutik parkera irteteko".  Horrez gain, kosta garbitzen ere aritu ziren: "Txalupa zatiak-eta jasotzen ibiltzen ginen, eta ikusi ahal izan genuen zer nolako plastiko zatietan egiten zuten bidaia. Guraizeekin ebakitzen genituen txalupa zatiak. Zazpi kilometro daude Turkiatik Kiosera, eta pertsonako 1.500 bat euro ordaintzen dute bidaia. Prezioa jaisten da itsaso txarra badago, gauez bidaiatzen badute...". Gauetako txandak Beharbada, egitekorik garrantzitsuenetakoa gauetako txanda dela dio Epeldek. "Hiru laguneko bi taldek egiten genituen txandak, 03:00etatik 08:00etara. 06:00ak aldera arte ilun egoten da, eta ez da ezer ikusten. Beraiek argirik gabe joaten dira, eta guk linternak eduki arren, ez da komeni piztea, polizia garela pentsatzen dutelako. Horregatik, adi egon behar da txalupen motor zaratarekin. Argitzean, toki panoramikoetara joaten ginen, eta horietatik kataloxekin ikusi ahal genuen itsasoa. Hasieran ez genekien, baina puntu txiki-txikiak ikusten dira", esan du. Itsasoan egoten dira Europako ontzi bat (Frontex) muga zaintzen eta Turkiako nahiz Greziako kostazainak. Epeldek txanda horietako batean ikusi zuen Turkiako uretako zaindariek txalupa atzeman eta errefuxiatu guztiak Turkiara nola eraman zituzten bueltan. Halakoetan ez dute ezer egiterik, baina Greziako uretan harrapatzen badituzte, "lehen laguntza" ematera joaten dira boluntarioak. "Zaindariek atzematen ez badituzte, lur hartzen duten tokira joaten ginen boluntariook, lehen sorospena ematera, eta handik denbora batera iristen zen polizia". Hilabeteak, irteterako Greziara iristen ziren errefuxiatuek egun batzuk igarota lortzen zuten lehen asilo baimena. Joan den martxotik, berriz, Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa tarteko, hilabeteak pasatzen dituzte eskaera egiterako. "Atenasen egiten da eskaera, baina orain, hara joaterako, elkarrizketa egin behar izaten dute Vial kanpamentuan, asiloa eska dezaketen edo ez erabakitzeko; izan ere, orain diote iheslari guztiak ez direla gerratik alde egin duten errefuxiatuak, asko iheslari ekonomikoak direla, baina errefuxiatuei beren herrialdean ez daudela arriskuan esatea aurpegira barre egitea da... Akordioak asko atzeratu du prozesua. Lehen hamar egunera Atenasen izaten ziren, eta, orain, berriz, bost hilabetera. Jendea desesperatuta, etsita, dago. Pentsa, kanpalekuetan ezagutu nuen 17 urteko gazte batek eskumuturrean bere buruaz beste egiten saiatutako markak zituen, aspertu eta itota zegoela esan zidan; 'ez dut ezer egiteko hemen', zioen. Elkarrizketa horien ostean, batzuei esaten diete asiloa eska dezaketela, eta haiek ferria hartu eta Atenasera joaten dira. Han ere bost hilabetekoa da eskaera onartzerako batez besteko denbora, eta han ez dago kanpalekurik. Dirua dute eta ordaintzen dute ostatua, edo kalean egon behar. Eta gero edozer egingo dute beren herrialdera ez itzultzeko. Haiek diote ez dutela ezer galtzeko eta arriskatu egingo direla", azaldu du. Gerraren arrastoa Doazen lekura joanagatik, gerraren itzala beraiekin eramaten dute errefuxiatuek. Horren erakusle da Kioseko aireportuak haiei sortzen dien izua: "Beren herrialdeetako kontuak tristuraz kontatzen dituzte, eta oroitzapenak ere presente dituzte. Kioseko aireportura zihoazen hegazkinak kanpalekutik pasatzen zirenean, beldurra pasatzen zutela zioten. Hegazkinen zarata bonbekin lotzen zuten, eta barrenak astintzen zizkien". Haiei barrenak mugitzen zitzaizkien oroitzapenekin, eta Epelderi ere bai errefuxiatuek kontatutakoekin. Esperientzia gogoangarria bizi izan duela nabari zaio hitz egitean, eta berriz itzuliko litzateken galdetuta, ez du dudarik egin: "Bai, baina egun gehiagotarako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide