Udako oporren ondoren, irailaren 16an berriz ekingo dio bere jardunari Azpeitiko Elkarguneak, Azoka Herritik ekimenaren baitan. Hala ere, urtero bezala, bigarren eskuko materiala biltzeko kanpaina berezia egingo dute iraila hasieran.
Azaldu dutenez, kanpaina horretan bi aukera izango ditu herritarrak materiala emateko. Alde batetik, hala nahi duenak donazio bezala eman ahal izango du etxean soberan duen eta ondo dagoen edozein material. Bestetik, materiala salgai jartzeko aukera izango dute nahi dutenek, eta jarritakoa salduko balitz lortutako diruaren %70 saltzailearentzat izango litzateke. Gainontzekoa Elkargunearentzat izango litzateke.
Materiala donatu nahi duten herritarrek ondorengo aukerak izango ditu:
- Igerileku ondoan dagoen sanjuandegiko lokalean irailaren 12tik 15era 18:00etatik 20:00etara.
- Gazte Informazio Bulegoan beraien ordutegiaren barruan, urte osoan zehar.
- Soreasuko Elkargunean irailaren 12tik 15era 18:00etatik 20:00etara, eta urte osoan zehar ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan.
Materiala saldu nahi duenak, berriz, Elkargunean egin beharko du ordutegi berean.
Azpeitiko Elkarguneko eskaintzak
Azpeitiko Elkargunea herrian merkatu soziala indartzeko eta elkartasuna sustatzeko jaio zen, eta, gaur egun, lau egitasmo ditu martxan: bigarren eskuko denda, artisauen txokoa, arropategia eta baserritarren txokoa. Irailetik aurrera, gainera, Xaboi biodegradagarria proiektu berria jarri dute martxan. Horren baitan, ohikoa baino ekologikoagoak diren lau xaboi mota salduko dituzte: arropa garbitzekoa, lurra garbitzekoa, leungarria eta ontziak garbitzekoa.
Xaboia litroka salduko dute eta erosleak berak eraman beharko du plastikozko potea. Horrela, xaboi ekologikoagoa erabiltzeaz gain, plastikoa aurrezteko ere balioko du zerbitzuak.