Azkoitiko cricket txapelketako partaideak eta udal ordezkariak, sari banaketan. (Azkoitiko Udala)
Indar handia hartzen ari da cricketa azkenaldian. Joan den asteburuan, bosgarren Cricket Txapelketa jokatu zuten Azkoitian, hango Pakistandarrak taldeak antolatuta. Eta, datorren asteburuan, Azpeitian beste txapelketa bat izango da, Azpeitiko Cricket Elkartearen ekimenez. Urtero egin ohi dute, eta, aurten, bosgarren aldia du. Goenan jokatuko dituzte partidak, baina oraindik zehazteko dago zein egunetan izango diren. Oraingoz zortzi talde apuntatu dira, eta, gehiago apuntatzen ez badira, igandean soilik izango dira saioak, 09:00etan hasita. Baina talde gehiago animatzen badira, larunbat arratsaldean ere egingo dituzte. Parte hartu nahi duenak, bihar du izena emateko azken eguna.
Mohammad Bilal Azpeitiko Cricket Elkarteko kideak azaldu duenez, "urrutiko" taldeak apuntatu dira. Azpeitiko bi taldek parte hartuko dute, eta inguruko herrietatik ere etorriko dira kirolariak: Gasteizko bi taldek, Eibarko batek eta Zumarragako beste batek parte hartuko dute. Baina Espainiako taldeak ere izango dira: Zaragozako eta Logroñoko kideak dituen talde bat, eta Madrilgo beste bat etorriko dira. Valentzia ete Burgosko taldeekin ere jarri dira harremanetan, eta haien erantzunaren zain daude.
Igandean izango dira finalak, ilundu aurretik; 20:00ak alderako dena amaituta egongo dela aurreikusten du Bilalek. Sariak ere prest dituzte: garaikurrak eta dirua banatuko dizkiete talde irabazleari eta bigarrenari, eta zerbait jasoko dute jokalari onenak, jotzaile onenak eta jauritzaile onenak.
Azpeitiarrak, bide onean
Bilalen cricket taldea bolada nahiko ona izaten ari da. Gasteizko eta Bergarako txapelketetan finalera iritsi ziren, baina, azkenean, galdu egin zituzten bi partidak. "Zorte txarra izan genuen, baina harro gaude horraino iritsi ginelako".
Bestalde, joan den larunbatean eta igandean jokatu zuten Azkoitiko Cricket Txapelketa, Oteiza frontoietan. 17:00etatik 20:30era bitartean izan ziren partidak, eta haiek bukatzean, hainbat sari banatu zituzten: lehen hiru postuetan sailkatu ziren taldeek garaikur bana jaso zuten, eta jotzaile onenari eta jaurtitzaile onenari ere banatu zizkieten sariak.
Qadeer-Irfan taldeak irabazi zuen txapelketa, eta Waqas-Musayab gelditu zen bigarren. Hirugarren postua, berriz, Noman-Sakib taldeak eskuratu zuen. Jaurtitzaile onenaren saria Waqasek eraman zuen, eta jotzaile onenarena Qadeerek.