Azpeitiko Kirol Patronatuak kirol jarduera berriak eskainiko ditu datorren ikasturtean

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 7a

Jarduera guztiak igerilekuko instalazioetan izango dira, eta irailaren 15a izango da izena emateko azken eguna.

Azpeitiko Kirol Patronatuko cycling aretoa. (Azpeitiko Udal Kirol Patronatua) Urriaren 3an jarriko du abian ikasturtea Azpeitiko Kirol Patronatuak eta, iazko ikastaroez gain, jarduera berriak eskainiko ditu datorren denboraldirako. Estitxu Elduaien Kiroletako Batzordeburuak adierazi duenez, “herritarrak kirola egitera bultzatu nahi ditugu, kirolak sustatzen dituen baloreetan sinesten dugulako. Ikasturte berriaren hasieran, kirol eskaintza erakargarria eskaintzera gatoz”. Berritasunak Multikirola, Capoeira eta Emakumeentzako korrika saio gidatuak izango dira. Multikirolari dagokionez, parte-hartzaileek astean hiru kirol desberdin egingo dituztela azaldu dute: astelehenetan GAP, asteazkenetan Total Training eta ostiraletan Cycling. Capoeirari dagokionez, helduei nahiz gazteei zuzenduta egongo dela adierazi dute, eta korrika saioak kudeatzeko eta informazio gehiago izateko bilera egingo dute datorren astelehenean, irailak 12, 19:00etan interesa dutenekin. Horiez gain, ikasturte berrian adinekoentzat pilates saioak emango dituzte goizetan. Izen-ematea zabalik irailaren 15a bitartean Datorren denboraldirako izen-emate epea zabalik dago dagoeneko, eta, horretarako, interesa dutenek eskaera orria beteta eman beharko dute igerilekura irailaren 15a bitartean. Zalantzak argitzeko edota informazioa eskatzeko 943 81 41 21 telefono zenbakira deitzeko aukera ere izango dute. Ikastaroetako plaza kopurua mugatua da, eta bazkideek lehentasuna izango dutela gogoratu dute. Ondorengo kirol jaduerak eskainiko dituzte datorren ikasturtean:
  • Igeriketa (helduentzat eta umeentzat)
  • Mantenimendu gimnasia
  • Adinekoentzat soinketa
  • Areto dantzak
  • Adimen urriko pertsonentzako ariketa fisikoa
  • GAP
  • Pilates
  • Cycling
  • Gimnasia Abdominal Hipopresiboa (G.A.H)
  • Zumba (helduentzat eta gazteentzat)
  • Total training
  • Jump (helduentzat eta gazteentzat)
  • Multikirola
  • Capoeira (Helduentzat eta gazteentzat)
  • Emakumeentzako korrika saio gidatuak
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide