Nerea Iriarte: "Keniako egonaldia eta gero hemengo bizitza gehiago baloratzen dugu"

Uztarria.Eus 2016ko irailaren 7a

Udan hilabetez aritu dira Nerea Iriarte (Azpeitia, 1993), Nerea Soraluze (Azpeitia, 1993) eta Naroa Guridi (Azpeitia, 1996) Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lanean, Kenian.

Goian, ezkerretik eskubira, Nerea Iriarte eta Nerea Soraluze, Molo herrian. Behean, erdialdean, Naroa Guridi, Medine herrian. (Uztarria.eus) Nerea Iriarte eta Nerea Soraluze elkarrekin joan ziren Keniara, baina ez zuten espero han azpeitiar batekin topatzerik. Naroa Guridik bakarrik hasi zuen abentura. Hirurek esperientzia "bikaina" izan dela azaldu dute, eta egonaldiak "asko ikasteko eta hausnartzeko" aukera eman diela adierazi dute. Aukera izanez gero halako proiektuetan lanean jarraitzeko gogorik ez zaie falta. Nolatan joan zineten Keniara? Nerea Iriarte: Beti nahi izan dut munduaren beste aldean zer dagoen ikustea, eta pobrezian dagoen horiei laguntzea. Gainera, aspalditik genuen horrelako proiektu batean parte hartzeko gogoa. Azkenik, aurten eman dugu pausoa, eta Hego Amerikan lanean aritzen diren Gobernuz Kanpoko Erakunde ezberdinen inguruan informazioa jasotzen aritu ginen Internet bidez, baina inork ez gintuen guztiz konbentzitzen. Gehienek diru kopuru handiak eskatzen zituzten ezer baino lehen. Ezagun bat Afrikako GKE batean lanean aritu zela jakin genuen orduan. Nerea Soraluze: Ikasketak amaitu ostean, medikuntzarekin lotura duen GKE batean aritzea gustatuko litzaidake, eta Keniara joateko esperientzia aurreneko urratsa izan zitekeela pentsatu nuen, hango lurraldeetako errealitatearekin lehen kontaktua izateko-eta. Naroa Guridi: Alde batetik, Afrikara joatearen abenturak bultzatu ninduen, han biziko nuen guztian pentsatzeak. Bestetik, karreran zehar jorratu ditugun gaiak (garapena, pobrezia, kooperazioa…) neure azalean bizitzeko gogoa ere banuen, eta horretarako aukera bikaina iruditu zitzaidan GKE batekin aritzea. Bakarrik joan nintzen, eta hasiera batean horri ez nion inolako garrantziarik eman. Istanbulen nintzela, baina, atentatua izan zen, eta orduan babes falta sentitu nuen. Hala ere, Afrikara joateko gogoak eta ilusioak pultsua irabazi zuen. Irakurri elkarrizketa osoa Uztarria.eus webgunean .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide