Aurreikusitako moduan, igandean, irailaren 11n, itxiko dute estaligabeko igerilekua. Beraz, igandea izango da kanpoko igerileku denboraldiko azken eguna.
Denboraldia hasterako, Azpeitiko Kirol Patronatuak jakinarazi zuen, eguraldiaren arabera, itxiera data astebetez atzera zezaketela, baina "aukera aztertzen aritu ostean" eta "eguraldi iragarpenaren ziurgabetasuna" tarteko, ez luzatzea erabaki du patronatuak. "Eguraldi iragarpenen arabera, datorren astean eguraldi aldakorra izango da. Inguruko herrietako instalazioetako arduradunekin ere hitz egin dugu erabakia hartu aurretik, eta haiek ere denboraldia ez dutela luzatuko jakinarazi digute", adierazi du Estitxu Elduaien Kirol Batzordeburuak.
Gainera, igerilekuaren kostuak ere kontuan hartu dituztela azaldu dute. Denboraldia astebetez luzatzea 6.500 euro kostatzen dela jakinarazi du Elduaienek, eta "eguraldi ona egingo duen ziur jakin gabe gastu hori ez egitea" dela egokiena esan du.