Aurrerantzean ordu erdiro izango dira Azpeitia eta Donostia arteko autobusak

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 6a

Foru Aldundiak zerbitzua hobetzeko neurriak hartu izana "zentzuzkoena eta poztekoa" dela adierazi du udalak. Azken aldaketen ostean, Donostiako autobus geltokia zabaldu aurreko zerbitzu berak eskainiko dituzte Azpeitia eta Donostia artean.

Azpeitia eta Donostia arteko autobus zerbitzuak 30 minuturo izango dira aurrerantzean. Horrenbestez, Donostiako autobus geltoki berria martxan jarri aurreko maiztasuna izango dute autobus horiek. Joan den otsailean ireki zuten Donostiako autobus geltoki berria, eta haren irekierak hainbat aldaketa eragin zituen autobusen ordutegietan eta ibilbideetan. Gainera, Azpeitia eta Donostia arteko autobusak ez ziren geltoki berri horretara iristen, eta herritarrek hainbat kexa azaldu zituzten. Herritarren kexen eta eskaeren aurrean, Azpeitiko Udalak linearen erabiltzaileekin bilera egin zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari autobusak geltokiraino iristeko eskaera egin zion, eskualdeko beste hainbat herritako alkaterekin batera. Hala, maiatzean autobusen ibilbidea aldatu egin zuten eta geltokira sartzen hasi ziren horiek, baina autobusen maiztasuna gutxitu egin zuten, "autobusek ibilbidea egiteko denbora gehiago behar zutela" argudiatuta. Orain, aldundiak zerbitzua hobetzeko neurriak hartu izana "zentzuzkoena eta poztekoa" dela adierazi du Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziak: "Herritarrei garraio publikoaren zerbitzu egokia eskaintzeko beharrezko eskaerak egin ditu udalak, herritarrek eskatutakoak, eta denborak arrazoia eman digu". Horrez gain, bereziartuak esan du, "udalak hasieratik esan zuen zerbitzuaren maiztasuna mantentzea eta ibilbideak geltokian bukatzea ez zirela uztartezinak”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide