Euskal Herriko II. Sagardo Txapelketako finalaurreko bat izango da Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 5a

Iraurgi Saskibaloi taldeko tabernan ospatuko da irailaren 17an, eta epaile izan nahi dutenek afari txartela hartu beharko dute aurretiaz. Añotan, Iraurgi Saskibaloi taldeko tabernan edo Sagardogileen Elkartean eros daiteke tiketa dagoeneko.

Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia iaz. (E. Albizu Lizaso) Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia egingo da aurten bigarren urtez, eta 3 finalaurreko izango dira finalaren aurretik. Horietako bigarrena Azpeitian izango da, irailaren 17an, larunbata, 20:00etan Iraurgi Saskibaloi taldeko tabernan. Bertan, Euskal Herriko Sagardotegietako sagardoak izango dira lehian, eta afaltzera inguratzen diren guztien artean epaituko dira. Horiek ez dute jakingo zein sagardotegitako sagardoa ari diren dastatzen. Epaile edonork izan dezake, parte hartu nahi duten herritarrek afari txartela erosi beharko dute aurretiaz. Dagoeneko salgai daude tiketak Iraurgi Saskibaloi taldeko tabernan, Añota sagardotegian eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko egoitzan, eta horien prezioa 25 eurokoa da. Afariko menua honakoa izango da: Basatxerri lontxeatua, Eusko Label arrautzekin egindako bakailao tortilla, Lumagorri baserriko oilaskoa eta Azpeitiko hainbat baserrietako Idiazabal gazta. Gainontzeko finalaurrekoak Ordizian eta Zarautzen izango dira eta finala, berriz, Andoainen. Lehiaketa guztiak irailean izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide